Aro berri bati ekingo dio Zumaia Flysch Trail lasterketak

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 25a, 10:00
Iazko Flysch Traileko unea.

Orain arte mendiko proba antolatu duen taldeak Zumaiako Udalari pasatu dio lekukoa. Korrikalariak eta boluntarioak erdigunera eraman nahi ditu erakundeak.

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren hamahiru edizio jokatu dira orain arte, eta kirol proba aski ezaguna bilakatu da mota horretako lasterketen zaleen artean; nazioartean ere izan du ospea Munduko Koparako puntuagarria izan ondoren. Aurtengo urrian jokatuko den hamalaugarren traila, ordea, zeharo desberdina izango da. Izan ere, orain arte proba antolatu duen taldeak iaz utzi zuen ardura hori, eta aurrerantzean, Zumaiako Udalak hartuko du lekukoa. Horrekin batera, 2023ko Flysch Traila ez da nazioarteko inolako txapelketarako edo koparako puntuagarria izango. Ez hori bakarrik: korrikalariak eta proba antolatzen laguntzen aritzen diren boluntarioak jarri nahi ditu udalak erdigunean.

2009ko uztailean jokatu zen lehen Zumaia Flysch Trail lasterketa. Orduan, 27 kilometroko bidea egin zuten korrikalariek Zumaia eta Deba arteko labarretan nahiz inguruko mendietan zehar. Kirol proba izateaz gain, ingurumena, gizartegintza edota turismoa ere barnebildu izan ditu lasterketak urte hauetan guztietan.

Txiki hasi zena handi bihurtu zen urteekin, eta lasterketaren antolakuntzaz arduratu izan den Flysch kirol elkarteak nazioarteko mendi lasterketen egutegian jarri zuen mira. Hala, munduko koparako puntuagarria izatera heldu da Zumaiako proba. Era berean, maratoiko distantzian ere jokatu izan da lasterketa.

Iazko edizioaren ondoren –maratoi erdia bakarrik jokatu zen–, Flysch kirol elkartea osatzen zuen lagun taldeak lasterketaren antolakuntza uztea erabaki zuen, eta aurrerantzean Zumaiako Udalak hartuko du proba antolatzearen ardura. "Udalak eskerrak eman nahi dizkie probaren hamahiru edizio antolatu dituzten elkarteko kide guztiei. Txiki [Jose Antonio Gorostola], Bosco [Garitano], Txolo [Iñigo Saenz] eta Fran [Aizpurua] hasi ziren Flysch Traila antolatzen, eta ondoren, jende gehiago ere aritu da. Horiei guztiei, baita laguntzen aritu diren guztiei ere, eskerrak eman nahi dizkie udalak", adierazi du Antxon Alberdi Kirol Patronatuko kudeatzaileak. Udalak proba antolatzeko emandako aurrerapausoaren zergatia ere azaldu du hark: "Herrirako proba garrantzitsua da, eta herriko korrikalari askok parte hartzen dute. Hori dena ikusita hartu du udalak proba bere gain hartzeko erabakia".

Urriaren 7ko eta 8ko asteburuan egingo dute hamalaugarren Flysch Traila, nahiz eta Alberdik adierazi duenez, oraindik erabaki gabe dagoen larunbatean edo igandean jokatuko den. "Korrikalarien arabera aukeratuko dugu eguna. Azterketa bat egin behar da aurretik; eguna eta ibilbidea aztertu behar dira, eta horren arabera erabakiko dugu guztia", gaineratu du. Aztertu bai, baina aldaketa handirik ez dela izango aurreikusi du Kirol Patronatuko kudeatzaileak.

Izaera berritua

Aldatuko dena, hein batean, probaren izaera bera izango da. Traila ez da aurrerantzean nazioarte mailako egutegiko proba izango, eta udalaren helburua da korrikalariak eta boluntarioak erdigunera eramatea. "Garai batean, Zumaiaren izena mundura zabaltzea zen trailaren helburuetakoa bat, eta horretarako, eliteko kirolariak ere erakartzen zituzten antolatzaileek", gogoratu du Alberdik. Egoera aldatu dela ikusita, eta herria nazioarte mailan ezaguna dela iritzita, korrikalariei eta proba laguntzen aritzen diren ehunka boluntariori eman nahi die udalak garrantzia, baita kostaldeko bideari ere. "Antolaketa irizpideak mantendu egingo dira, baina ez da izango aurreko urteetan izandako zuzeneko streamingemankizunik edo pantaila handi bat zeraman kamioirik. Aurrez esan bezala, korrikalariak jarri nahi ditugu probaren erdigunean".

Udazkenean jokatuko da aurtengo mendi lasterketa; hori, jada, erabakita dauka antolakuntzak, baina zer distantziatan egingo den oraindik zehaztu gabe dutela azaldu du Alberdik. "Distantzia desberdinak izan ditu trailak urte hauetan guztietan, eta aurtengoa 22 eta 32 kilometro artekoa izango dela uste dugu. 32 kilometrokoa aukeratzen bada, distantzia laburreko beste proba bat ere izango da. Ia ziur dakiguna da maratoi distantzian ez dela jokatuko. Aukeratutako distantziaren arabera erabakiko dugu ondoren ibilbidea, baina gaur-gaurkoz, zehazteko dugu oraindik".

Lasterketak arautzen dituzten federazioetatik aldakeraten inguruan inolako iritzirik ez dutela jaso ere azaldu du Alberdik. "Eskaerarik ere ez dugu egin Zumaiatik egutegi horietan sartzeko. Pentsatzen dut pena hartuko zutela, Zumaiako lasterketa ondo ikusia zegoelako haren antolakuntza ona tarteko, baina badaude proba gehiago ere". Zentzu horretan, mendiko lasterketek urte hauetan izandako arrakasta nabarmendu du Kirol Patronatuko buruak. "Mendi lasterketen gorakadak errepideko proben galera eragin du. Errepidean korrika egiten zuten kirolari asko mendiko lasterketetan aritzen dira orain, eta horrek mendiko proben gorakada ekarri du. Hala ere, bakoitzak bere lekua du, bere neurri eta zailtasunekin".