Ukraina-Euskadiren aldeko 1.525 euro bildu ditu Zumaiena Ikastetxeak

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 23a, 17:46

Familiek egindako ekarpenari esker Ukrainako 550 haurrek irailean eskolara bueltatzeko aukera izango dutela iragarri du Zumaienak. 

Hitzarmena sinatu zuten Ukraina-Euskadi elkarteak eta Zumaiena hezkuntza elkartea duela bi hilabete. Ekialdeko Europako herrialde honetan bizi duten egoera gogorraren aurrean hari bizkarra ez ematea zuen helburu nagusia akordio hark. Hala, denbora epe honetan Ukraina-Euskadi elkarteari emateko 1.525 euro bildu dituzte, eta gaur eguerdian ikastetxeko aretoan egindako ekitaldi batean eman dizkiote elkarteko arduradunei. 

Oksana Demyanovych elkarteko lehendakaria, Tetiana Hladkova Arabako ordezkaria eta Valentyna Zaichenko Gipuzkoako ordezkaria bertaratu dira Zumaiara ekarpen hori jasotzera. Ekitaldian zehar iragarri dute bildutako dirua Poltava hiriko eskola bateko bonbardaketako babeslekua konpontzeko erabiliko dute. Azaldu dutenez, babesleku horiek gabe ikasleek ezin dute eskolara joan, eta laguntza hau dela medio, iraileak 550 ikaslek izango dute bere ikastetxera bueltatzeko aukera. 

Elkarteko ordezkariez gain, Ukrainatik gerratik ihesi Euskal Herrirako etorritako ikasleak ere bertan izan dira beraien familiekin. Baita udaleko ordezkari Marina Bidasoro, Alex Oliden eta Arantxa Gajate zinegotziak ere.