Zuhaitz landaketa egingo dute Itziarren igande honetan, Geoparkeak lagunduta

Intza Trula 2023ko mar. 23a, 11:00
Itziarren egindako zuhaitz landaketa (utzitakoa).

Arantzamendiko eremuan egingo dute landaketa, eta 100 zuhaitz berri landatzea da ekimenaren helburua.

Igande honetan, martxoak 26, Itziarko Arantzamendi eremuan zuhaitz landaketa egingo dute. Goizeko 9:00ean elkartuko dira Errotaberriko aparkalekuan eta landaketaren eremura iristeko ordu erdiko ibilbidea egingo dute. Gutxi gora-behera eguerdiko 12:30ak aldera amaituko da ekimena, eta amaieran hamaiketakoa egingo dute bertaratzen direnek. Itziarko Auzo Udalak eta Lizarbe Guraso Elkarteak Euskal Kostaldeko Geoparkearen, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatu dute ekitaldia.

Lursaira iristean, aurreko urteko landaketen jarraipena egingo dute lehenbizi parte-hartzaileek. Horren ondoren, landatu gabeko eremu berriak beteko dituzte, eta asmoa 100 zuhaitz berri landatzea da. Bertako artadien presentzia nabarmena duten eremu hauek itsasertzeko Biotopo Babestuan daude, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira. Igandean hainbat espezietako zuhaitzak landatuko dituzte, hala nola; artea (Quercus ilex), gurbitza (Arbutus unedo), erramua (Laurus nobilis), elorri beltza (Prunus spinosa), urkia (Betula sp.), hurritza (Corylus avellana), haritza (Quercus robur) eta ametza (Quercus Pyrenaica).

Ekimen honek hainbat helburu ditu, eta horien artean daude malda handia duen lurzorua sendotzea; baso autoktonoa pixkanaka indartu eta hedatzea (landatu gabeko eremuak betez); klima aldaketari aurre egitea; eta haur, gazte zein helduak naturarekiko kontzientziatzea.

Parte-hartzea librea da, eta bertan lanabesak eskuragarri izango dituzten arren, norberak bereak eramatea eskatzen da (aitzurrak edo antzekoak). Horrez gain, arropa eta oinetako egokiekin joan beharko da.