Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara egingo duten bidaia aurkeztu du Darahli Elkarteak

Intza Trula - Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 22a, 17:15

Samuel Ruiz Zumaiako Gobernuz Kanpoko Erakundeko buruak eman ditu azalpenak eta alboan izan ditu Iñaki Ostolaza alkatea, Jadiyetu El Mohtar Euskadiko Saharar delegatua eta programan parte hartuko duten bi ikastetxeetako ordezkariak.

Zumaiako Darahli Gobernuz Kanpoko Erakundeak herriko bi ikastetxeekin elkarlanean Aste Santuan Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetara egingo duen bidaia aurkeztu zuen atzo arratsaldean. Samuel Ruiz Erakundeko lehendakariak azaldu zituen bertan egingo dituzten ekintzen nondik norakoak eta Zehaztu zuen, besteak beste martxoaren 31ean joan eta apirilaren 9an itzuliko direla. Madrildik egingo dute joan-etorria egazkinez.

Horrez gain, hamar eguneko egonaldian egingo dituzten ekintzen berri ere eman zuen Ruizek: harrera ofiziala, laguntzaren banaketa ekitaldia (eskutitzak, eskola eta kirol materiala eta sendagaiak banatzeko), auzolana haurtzaindegian (fatxada pintatu, argi instalazioa bukatu…), tailerrak eskolan (antzerkia, kirolak, marrazkiak, jolasak…), hitzaldiak, Iraupenaren Museo Nazionalera bisita, Rossana Bonetti gaitasun bereziko umeekin lan egiten duen italiar kooperantearen hitzaldia, Wilayara bisita, haurtzaindegian egindako lanen aurkezpena, Saharako Dunetara bisita, alkate-kontzejuarekin agurra eta abar.

Darahliko arduradunarekin batera Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Jadiyetu El Mohtar Fronte Polisarioaren Espainiako Ordezkaritzako kideak ere hartu zuten parte aurkezpenean. Ostolaza izan zen, hain justu Ruizen ondoren hitza hartu zuen lehenengoa eta "egindako lan guztiagatik" eskerrak emateko baliatu zuen tartea. Zentzu horretan, udalak eta Darahlik daukaten "elkarlana" azpimarratu nahi izan zuen.

Halaber, proiektuaren aberastasuna ere nabarmendu zuen: "elkartasuna lantzen da, saharar herriarekin; hezitzailea da, hemendik joaten diren ikasleentza; baita politikoa ere, udalak elkartearekin duen konpromezuagatik".

Jadiyetu El Mohtar Euskadiko Saharar delegatua izan zen hitz egiten azkena. Berak ere eskerrak eman zizkion Darahli elkarteari "emandako laguntzagatik", batez ere, gazteek Saharako errealitatea ezagutu dezaten: "Ez gara hain deberdinak, uste duguna baino antzekotasun gehiago ditugu".