Zumaiako Udalak 45.000 euroko laguntza emango dio Emakumeon* Etxeari

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 22a, 13:30
Emakumeon* Etxeak eta Zumaiako Udalak hitzarmena berritu dute. (Aritz Mutiozabal)

Bi aldeek hitzarmena berritu dute, eta etxeak iaz baino 20.000 euro gehiago jasoko ditu. Horrek ahalbidetuko du jardunaldi erdira zegoen dinamizatzailea jardunaldi osora pasatzera.

Emakumeon* Etxeak eta Zumaiako Udalak hitzarmena berritu dute, eta, hala, 45.000 euroko dirulaguntza jasoko du etxeak, iaz baino 20.000 euro gehiago. Atzo arratsaldeko agerraldian azaldu zuen Maider Alberdi Berdintasun zinegotziak udalak aurten eginiko "apustu ekonomikoa", baina urtetik urtera ere ikusten joango direla etxeak zer behar dituen eta horri aurre egiten ere joan beharko dutela: "Guretzat behintzat bada proiektu serioa".

Zinegotziak gogora ekarri zuen 2019tik bideratu dituztela laguntzak Emakumeon* Etxea kudeatu ahal izateko: "2021ean ireki zen etxea, eta irekitzearekin batera mugimendu handia sortu du bere baitan, jarduera pila bat antolatu baitira. Ikusi da beste bultzada bat eman behar zitzaiola, eta elkarteko kideen eskariz ere, erabaki dugu lehen 25.000 euroko laguntza zena 45.000 eurotara igotzea. Horrek ahalbidetuko digu batez ere jardunaldi erdira zegoen dinamizatzailea jardunaldi osora pasatzea, baina beste ekintza batzuk indartzeko ere balioko digu".

Dinamizatzaile bat egongo litzateke jardunaldi osora, baina zaintza lanagatik murrizketa eskatuta dauka Aratz Zearretak, eta ondorioz, Usue Altunarekin batera partekatzen du lanpostua; hau da, biak dira Emakumeon* Etxeko dinamizatzaileak, eta jardunaldi erdira daude. Zearretak eta Altunak, gainera, udaleko teknikariarekin koordinatzen dituzte etxeko ekintzak eta jarduerak.

Bestalde, udaleko hitzarmenaz gain, Emakumeon* Etxeak aparteko dirulaguntzak jasotzen ditu Emakundetik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik. Horrez gain, espazioa bertan eskaintzen diren zenbait zerbitzu ere udalak ordaintzen ditu.

"Erantzun ikaragarria"

Emakumeon* Etxeak ateak zabaldu zituenetik urte eta erdi pasatu da, eta orain arte jaso duten erantzuna oso positiboa dela adierazi dute elkarteko kideek. "Etxe honek bizitza izugarria dauka eta hasieran zehaztutako asmoekin aurrera goaz poliki-poliki", adierazi du Vanessa Arbelaitz Emakumeon* Etxe elkarteko lehendakariak. "Ireki genuen momentutik bertatik jaso dugu erantzuna ikaragarria izan da. Gainera, hartu duen martxa sekulakoa da. Erabat itzela! Gu geu ere ilusioz beteta gaude, baina gainezka gaude, ezin iritsita, ezin jasota egiten den dena. Hasieran finkatu genituen helburu horietara ez gara ailegatzen, baliabideak falta zaizkigulako", nabarmendu du Arbelaitzek.

Dinamizatzaileek argi dute hitzarmen berriak hutsune arintzeko balioko duela, eta herriko beharrei erantzuteko. Aratz Zearretareren esanetan, "hasiera-hasieratik izan du harrera ona herrian, eta hor ikusi da beharra bazegoela herrian. Beraz, etxe hau erreferente eta babesleku bat bada sortu zen lehen egunetik, eta horri eutsi nahi diogu. Hitzarmen berria ere hortik doa, azken finean: baliabide gehiago eskaintzera, gure helburuak behar bezala betetzeko".

Urte eta erdia gauza asko egin ditu Emakumeon* Etxeak. Epe labur horretan 40 jabetza eskolatik gora antolatu dituzte, 20 hitzaldi edo tailerretik gora egin dira, zerbitzu asko jarri dituzte martxan eta gehitzen doaz –aholkularitza juridikoa, psikologikoa, indarkeria jasan duten emakumeen autozaintza taldea, edoskitze aholkularitza eta sexu aholkularitza, besteak beste–. "Horri guztiari aurre egiteko, komunikazio lana sustatzeko eta saretzeko beharra dago", azaldu zuten dinamizatzaileek, eta dirulaguntza berriak horri hobeto heltzeko aukera emango diete.

Kalitatezko zerbitzua

Emakumeon* Etxea udalaren zerbitzu bat dela azpimarratu zuen Berdintasun zinegotziak, baina "bere indargunea edo besteetatik bereizten duena" da emakumeek sortutako elkarte batek kudeatzen duela. "Horri ere dagokion garrantzia eta balioa zor zaio. Kogestio sistema bada, elkartearen eta udalaren artekoa, beraz, guretzat ere estrategikoa da, eta eskaintzen den zerbitzua kalitatezkoa izateak ardura digu", azpimarratu du Maider Alberdik .

Guztiaren atzean borondatezko lan asko dagoela gaineratu du Alberdik. "Egia da elkarte bat dago hemen, eta jendeak bere proiektua balitz bezala hartzen duela; izan ere, jende asko dago inplikatuta aspalditik bidean. Jakina, jende berria ere badago. Beraz, etxearen irekierarekin eta hartu duen dinamikarekin oso gustura dago. Norbere espazio bezala identifikatzen du, eta hori garrantzitsua da".