Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen inguruan Euskal Herrian sortu diren ekimenak ezagutzera etorri dira Kataluniako hainbat kide

Intza Trula 2023ko mar. 21a, 14:00
Katalanen bisita Zumaiara Euskal Herrian Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen inguruan sortu diren ekimenak ezagutzeko (Zumaiako Udala).

Bartzelonako XES sarea, Ciutat Invisible kooperatiba, eta Pompeu Fabra unibertsitateko Ekonomia Sozial eta Eraldatzailean graduondoko ikasleak eta Lleidako Ponent Coopera Ateneuko kideak Zumaian izan dira asteburuan, bertako esperientzia, eredu eta proiektu kooperatiboak ezagutzen.

Olatukoop sarearen eskutik Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen inguruan Euskal Herrian sortu diren proiektuak ezagutu dituzte larunbat honetan Kataluinako hainbat kidek. Proiektu eta sare kooperatiboetan lanean ari dira horietako batzuk, beste batzuk berriz, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen inguruko graduondoko ikasleak dira.

Larunbatean elkarteko zenbait kide eta ordezkari politikoek eman zieten ongietorria, eta herrian sortzen ari den ‘Ekosistema Kooperatiboa’ aurkeztu zieten. Zumaiako Udalak eta Olatukoop sareak elkarlanean antolatutako ZKOOP proiektuaren azalpenarekin hasi zuten bisita. Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen inguruko formakuntza jaso zuten herritar eta ordezkari batzuk pasa den urtean. Horren harira, bi proiektu kooperatibori bidelaguntza eman zieten Olatukoop-eko kideek, eta Alberga elkartea ere sortu zuten formakuntzako hainbat kidek. Zumaiako Udalak eta Alberga elkarteak coworking edo elkarlanerako gunea eratu nahi dute Hogarrean, ekonomia sozialei lotutako proiektuak aurrera eramateko espazio bat izateko.

Horrez gain, larunbatean beste asmo eta proiektuak ere ezagutu zituzten, hala nola; Erkibe erainean Azpeitiako elikagunearen antzeko proiektu bat sortzeko asmoa, Beheko Plazako tokiko ekonomiaren topaleku bihurtzeko asmoa, Zuntz Optikoa Zumaia proiektua, zaintza lanen inguruko lanketa eta energia komunitateak bultzatzeko lanak. Gainera, administrazio publikoen eta elkarte zein kooperatiben arteko harreman eta kudeaketa-eredu berriak martxan jartzeko beharraz ere hitz egin zuten.