Larraina Euskara Elkarteak eta Zumaiako Udalak euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute bigarren urtez

Intza Trula 2023ko mar. 21a, 10:44
IƱaki Ostolaza alkatea, eta Marialui Txapartegi eta Ibon Materola Larraina Elkarteko ordezkariak (Zumaiako Udala).

10.000 euroko laguntza emango dio udalak Larraina Elkarteari 2023an euskara bultzatzeko ekintzak antolatzeko.

Larraina Euskara Elkarteak eta Zumaiako Udalak euskarari bultzada emateko hitzarmena sinatu dute bigarren urtez. Larraina Euskara taldea 2020an sortu zen, Euskaraldia antolatzeko sortutako taldearen harira. Elkarteak herriko berezko hizkuntzaren alde eta irabazi asmorik gabe egiten du lan. Orduztik, elkarteak zenbait sentsibilizazio kanpaina eta ikerketa egin ditu, eta 2022ko urtarrilean formalki eratu zen.

Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak aspalditik du harremana herriko euskaltzaleekin, eta Larraina sortu zenetik elkarlanean ari dira. Aurreko urtean elkarte moduan formalki eratu eta gero, harremana formalizatu zuten Larraina Elkarteak eta Zumaiako Udalak lankidetza hitzarmen batekin, eta aurten bigarren aldiz sinatu dute hitzarmena.

Larraina Euskara Elkarteak honako helburu hauek ditu: Zumaian euskararen erabilera sustatzea; Euskarak 365 egun ekimena eta izaera bereko beste batzuk bideratzen laguntzea; Euskaraldia bultzatzea; hitzaldi zikloa antolatzea; euskal kultura herritarren artean zabaltzea; eta, euskarari dagokionez, Zumaiako herritarrak sentsibilizatzea.

Hori horrela izanik, Larraina Euskara Elkarteak hainbat ekintza antolatuko ditu urte osoan zehar, eta horretarako udalak 10.000 mila euroko laguntza emango dio elkarteari. Horrez gain, bi aldeek harreman iraunkorra izango dute eta urtean, gutxienez, hiru aldiz euskara zerbitzuko teknikariekin bilduko dira ekimenak elkarrekin antolatzeko.

Zumaiako Udala eta Larraina Elkartearen hitzarmena hemen ikusgai.