Bilboko baraualdian eta manifestazioan izan dira Zumaiako pentsiodunak

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 20a, 18:00
Zumaiako pentsiodunak Bilbon egindako baraualdian. (Utzitakoa)

Pasa den astean Bilbon egindako mobilizazioetan parte hartu dute Zumaiako pentsiodunek ere. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mobilizazio batzuk egin dituzte pasa den astean Bilbon. Hasteko, martxoaren 13tik 18ra bitartean baraualdia eta itxikialdia egin zuten Bilboko lokal batean. Egunero, 30na lagun bildu ziren txandak osatuz.

Bestalde, hilaren 18an manifestazioa egin zuten Bilboko kaleetan zehar. Era horretan amaitu zituzten mobilizazioak.

Bi ekintza hauek helburu bikoitza zuten: "alde batetik, Espainiako Gobernuari eskatzea gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, 14 ordainsaritan. Bestea, aurrenekoa betetzen ez den bitartean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzea gaur egungo pentsioak osatzea 1080 eurora iritsi arte, hauek ere 14 ordainsaritan banatuta".

Ekintza hauetan parte hartu du Zumaiako pentsiodunen ordezkaritza batek ere.