Trenzubiaren egitura indartzeko 2024ko maiatzera arte itxita egongo da Urola ibaiko paseoaren zati bat oinezko eta bizikletentzat

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 18a, 08:49
Trenzubia. (Euskal Trenbide Sarea)

Asteazkenean, hilaren 22an, hasiko ditu egitura indartzeko eta birgaitzeko lanak Euskal Trenbide Sareak. Lanek 4,1 milioi euroko aurrekontua dute.

Zumaiako Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, datorren asteazkenetik aurrera, hilaren 22tik aurrera, itxita egongo da Urola ibaiko paseoaren zati bat oinezkoentzat eta bizikletentzat, Trenzubiaren egitura indartu eta birgaitu behar duelako Euskal Trenbide Sareak. Zubi azpiko zatia ezingo da erabili, beraz, lanek iraun bitartean.

Ohiko ibilbide horren ordez, udalak saihesbide bat proposatu die herritarrei, beheko irudian ikus daitekeenez.

Urola ibaiaren pasealekuan itxita egongo den eremua, eta horren ordezko bidea. (Zumaiako Udala)

Aurreikuspenen arabera, urtebete pasa iraungo dute lanek, 2024ko maiatzera arte, eta 4,1 milioi euro kostako dira.