UKTk eta Zumaiako Udalak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Erredakzioa 2023ko mar. 17a, 11:28
Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusia eta IƱaki Ostolaza Zumaiako alkatea, atzo udaletxe aurrean hitzarmena sinatu ostean. (Zumaiako Udala)

Iñaki Ostolaza alkateak eta Gorka Zabaleta Urolako Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak izenpetu zuten hitzarmena atzo udaletxean. 2023an 57.630 euro jasoko ditu UKTk, eta urtez urte eguneratuko da kopurua. Hurbileko komunikazioa eta euskara dira hitzarmenaren bi zutabe nagusiak. 

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Gorka Zabaleta UKT Urolako Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak lau urterako lankidetza hitzarmena izenpetu dute. Akordioaren bitartez, UKTk 57.630 euroko dirulaguntza jasoko du 2023an. Ondorego hiru urteetan dagokion KPIa gehituko zaio kopuru horri urtez urte. Dena den, erabaki hori urtez urte berretsi beharko du udalak diru kopuru zehatza adierazten duen berariazko ebazpenaren bidez.

Atzo udaletxean sinatutako hitzarmenean jasotzen denez, etorkizuneko informazioaren gizartean garrantzia handia du hurbileko komunikazioaren esparrua euskararentzat irabazteak, euskal gizartearen ezaugarri propioei kopuruz nahikoa eta kalitatez duina izango den presentzia ziurtatu ahal izateko. Hain justu, eskualdean hamarkada luzez lanean aritu diren euskarazko hedabideen oinordetza jaso duen UKT kooperatibak, eskualdean euskarazko komunikazio zerbitzuak abiatzea eta garatzea du helburu.

Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusia hitzarmena sinatzen. Hari begira, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea. (Zumaiako Udala)

Hori horrela, Zumaiako Udalak eta UKT kooperatibak euskararekiko jarrera positiboa indartzea eta hizkuntza komunikaziorako konpetentzia garatzeko beharra ikusi izan dute, eta hori sustatzeko hitzarmena garatzea apropostzat jo dute.

Hitzarmenaren barruan, UKT kooperatibak hainbat ekintza garatzeko konpromisoa hartu du, hala nola: zumaiarren intereseko gaiak euskara hutsean landu eta UKTk dituen komunikazio euskarri multimedietan zabaltzea, Zumaiako herritarrek euskaraz informazio hurbila, egiazkoa eta inpartziala izan dezaten; Zumaiako Udalaren jardueraren berri ematea, informazioak interes publikoa duen neurrian; edota euskarari lotutako albisteei arreta berezia ematea, izan udaleko Euskara zerbitzutik datozenak, herriko euskara elkartetik, euskaltegitik nahiz beste edozein elkartetik datozenak.

Azkenik, akordioaren barruan, udalari urtean hiru aldizkariren harpidetza ematea eta publizitatean deskontuak egitea aurreikusi dute.