'Un pes mas' dokumentalaren emankizuna antolatu du Indamendik biharko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 15a, 13:05
Nerea Iraola, Amaia Aranzabal, Montse Lasterra eta Eli Belauntzaran moderatzailea, atzo Aita Marin. (Utzitakoa)

Aita Marin eskainiko dute ikus-entzunezkoa mendi bazkunak bere 50. urteurrenaren harira prestatutako egitarauaren barruan, eta Silvia Vidal zuzendaria bertan izango da.

Indamendi mendi bazkunak antolatuta, Un pes mas dokumentala emango dute bihar 19:30ean Aita Mari aretoan. Zehaztu behar da, gainera, ikus-entzunezkoa zuzendu duen Silvia Vidal eskalatzailea bertan izango dela bere proiektua aurkezteko. Bera da, hain justu, dokumentaleko protagonista eta duela sei urteko udan Alaskan bakarka zabaldu zuen bide berriaren nondik norakoak kontatuko ditu.

Vidal 2017ko uztailaren 5etik 21era aritu zen, zehazki, Xanadu mendateko paretean eta 530 metro luzeko bidea ireki zuen soinean 150 kilo zituela. Nabarmendu behar da, hori bai, bakarrik egin zuela lan guztia. Alegia, bakarrik igaro zituela hamazazpi egunak paretean.

Zehaztu behar da, halaber, honakoa ez dela Zumaiako mendizale elkarteak bere 50. urteurrenaren harira azken egunotan antolatu duen ekitaldi bakarra. Atzo bertan Emakumeak eta mendia mahai- ingurua izan zuten Aita Marin, eta harrera ona izan zuen. Nerea Iraola, Amaia Aranzabal eta Montse Lasterra izan ziren hizlariak, Eli Belauntzaran, berriz, moderatzailea.