Telmo Lazkano irakaslearen 'No Phone Challenge' proiektua saritu du Osasun Sailak

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 14a, 15:00
Telmo Lazkano zumaiarra Donostiako ikastetxeko ikasle batzuekin.

Telmo Lazkano irakasle zumaiarrak Donostiako Usandizaga Peñaflorida Amara Institutuko DBHko 4. mailako ikasleen artean abian jarri zuen mugikorrik gabeko astearen programa saritu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

Donostiako Usandizaga Peñaflorida Amara Bigarren Hezkuntzako Institutuan Telmo Lazkano Muga irakasle zumaiarrak abian jarri zuen No Phone Challenge proiektuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ematen duen Elkar Eginez saria jaso du, adikzioen arloan Euskadi 2022-2024ko jardunbide onentzat hautatua izan ondoren.

Programa honek ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleen artean telefono mugikorraren eta plataforma digitalen gehiegizko erabilera prebenitzea izan du helburu. Sarien epaimahaiaren esanetan, programa honen bidez "sare sozialekin harreman osasuntsuagoa lortzea eta eguneroko erabilera nabarmen murriztea" ekarri du. Hori guztiagatik, ahobatez eman diote saria Lazkanori. Sari banaketa datozen hilabetetan egingo dela aurreratu du Osasun Sailak.