Ainhoa Caporossik irabazi du Zarautzen jokatutako Mahasti Krosa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 12a, 19:00

Lasterketaren laugarren edizioa izan da Talaiberri txakolindegiak antolatuta, eta, emakumezkoetan, nagusitasunez gailendu da zumaiarra. 

Ainhoa Caporossi korrikalari zumaiarra emakume azkarrena izan da Zarauzko Talaiberri txakolindegian jokatu den Mahasti Krosaren laugarren edizioan. Hasieratik jarri da lasterketaren buruan eta amaierara arte eutsi dio. Hala, nagusitasunez gailendu da 39 minutu eta 36 segundoko denbora eginda. Kontrara, estuago izan da bigarren posturako lehia; izan ere, 11 segundo eskaseko aldea besterik ez da egon Ainhoa Usandizaga oriotarraren (41:12) eta Ioana Osa ondarrutarraren (41:23) artean. 

Gizonetan, gertu izan du podiuma Mikel Etxeberria zumaiarrak (36:58). Laugarren postuan helmugaratu da, baina, egiari zor, esan behar da alde handia atera diola haren aurretik hirugarren sailkatu den Mikel Usandizaga aiarrak (34:02): hiru minutu ia. Edonola ere, lehen posturako lehia izan da azpimarragarriena; izan ere, batera eta eskutik helduta zeharkatu dute helmuga marra Ibai Makazaga oriotarrak Imanol Larrañaga azkoitiarrak. Garaipena, ordea, lehenengoari eman diote. Ondorioz, haren pisua hartu dute kontuan saria ematerakoan, zeren eta irabazleek beraien kiloak txakolin botiletan jaso dituzte. Hori bai, bi korrikalariek partekatu egin dituzte botilak.