Oriako traineru jaitsieran aritu dira Zumaiako ontziak

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 12a, 10:00
Gizonen trainerua helmugara heltzen. (Juan Luis Romatet)

Denboraldiaurreko beste hitzordu bat izan zuten atzo Zumaiako traineruek Orion, bertan jokatu zen Oriako XXIX. traineru jaitsieran. 

Negu giroarekin jokatu zen atzo Orion Oria ibaiko XXIX. traineru jaitsiera. Euripean eta hezetasun handiarekin aritu ziren lehian denboraldiaurreko hitzordu garrantzitsu honetan aritu ziren 69 ontziak.

Zumaiako traineruek ez zuten hutsik egin, eta lehiatu ziren ontzien artean izan ziren. Beteranoek zein emakume seniorrek 4.000 metroko distantzia egin behar izan zuten; gizon seniorrek, aldiz, 6.000 metroko lana zuten aurrez aurre egiteko. 

Emakume seniorren kategorian hamar ontzi lehiatu ziren eta Zumaia-Delteco trainerua seigarren izan zen 15:26,87 denborarekin. Estropada Orio-Orialkik irabazi zuen 14:39,45 denbora eginez.

Gizonetan, 21 traineruk egin zuten Aginagako Mapil eta Orioko erdigunera arteko sei kilometroak, eta Zumaia-Delteco hamaikagarren izan zen 20:46,60 denborarekin. Bermeo izan zen Oriako jaitsierako irabazlea 19:39,19 denborarekin. 

Beteranoetan, berriz, 26 ontzi uretaratu zituzten (traineruez gain Kataluniatik etorritako llagut moduko ontziak ere aritu ziren), eta zazpigarren egin zuten Zumaiako beteranoek 15:37 denborarekin.