Denbora iruditan gordez

Juan Luis Romatet - Gipuzkoako Hitza 2023ko mar. 10a, 10:42
Denbora iruditan gordez (Juan Luis Romatet).

Zumaiako fototeka sortu zutela 30 urte beteko dira aurten, eta kokaleku digital berria du iaztik: Zumaiako Udalaren webgunea. Herritarrei argazkiak uzteko beste deialdi bat egingo diete laster.

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dezakeela dio esaldi ezagun batek. Izango dira esaldi horren aldeko iritziak, baita kontrakoak ere, baina herri baten bilakaera, ziurrenik, hobeto adieraz dezake argazki batek hitz soilek baino. Nola azaldu, bestela, zer itxura zuen Zumaiak orain ehun urte, gaur egun kirol portua edo etxebizitzak dauden lekuan padura edo lubakiak zeudenean? Edo zer itxura zuen herriaren erdialdeko arrapalan, ibaiaren alboan zegoen Arbustaingo garabiak?… Herriko paraje, kale eta eraikinekin, edo azkeneko 150 urteetan bizi izandako pasarteak jasotzen dituzten irudiekin osatuta dago Zumaiako Fototeka. Aurten 30 urte beteko ditu zerbitzu horrek, eta kokapen berria du iaztik: Eusko Ikaskuntzaren webgunea utzi eta Zumaiako Udalarenera igaro da. Argazkiak biltzeko hirugarren deialdi bat egingo dute laster.

Alondegia kultur etxeko bulegoko armairuetan gordetako argazki zaharrak eskuetan dituela ari da hizketan Miriam Romatet Zumaiako Udaleko kultur teknikaria. “Begira, zuri-beltzeko argazkietara ohituta gaude, baina koloretakoak dira hauek”, esan du. Udako festetan jokatutako estropadetako irudiei begira dago. “Arbustaingo arrapalaren ondoan, moilan, behin jarri zuten noria handia ere ikus daiteke”.

Irakurri artikulua Gipuzkoako Hitzan.