Magma Mia bakarrizketa eskainiko dute gaur Zumaiako Emakumeon* Etxean

Intza Trula 2023ko mar. 9a, 11:13

Arratsaldeko 19:00etan eta euskaraz izango da emanaldia.

Beatriz Egizabal aktorearen ikustaldia antolatu du gaur Zumaiako Emakumeon* Etxeak. Ipuin kontalari gisa hasi zen lanean Egizabal, eta gaur egun, narratzailea, pailazoa eta aktore feminista ere bada. Ordutik hainbat ikuskizun eskaini ditu haur, gazte zein helduagoentzat.

Bakarrizketa feminista da Magma Mia, militantziatik asko duena baina erabat umoretik egina. Ikuslego zabal batentzat prestatutako emanaldia da; hurbiltzen direnengan gogoeta, baina bereziki barreak eragitea xede duena.

"Haserre nago, sutan nago, irakiten nago... Presio gehiegi eta zulo guztiak itxita mantentzeko hezi naute. Sumendia lehertzear dago".