'Iruleak' liburuaren ale bat zozkatuko du Baleikek bazkideen artean

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 15:00

Garazi Albizua eta Olga Carmona Peralek ondutako Iruleak liburuaren ale bat zozkatuko du Baleikek bazkideen artean. Datorren asteazkenera arte dute bazkideek parte hartzeko epea.

Feminismoa edota emakumeen bizitza eta borroka gai duten hainbat liburu plazaratu ditu Txalaparta argitaletxeak urte hauetan guztietan. Horietako bat da Iruleak Garazi Albizuak idatzi eta Olga Carmona Peralek marraztu duen liburua. Argitalpen honen ale bat zozkatuko du Baleikek bere bazkideen artean. 

Zozketa honetan parte hartu nahi duten bazkideek hemen dute izena. Saridunaren izena datorren asteazkenean, hilaren 15ean aterako da. 

Sinopsia

Hiru dira iruleak: Kloto, Lakesis eta Atropos. Beldurgarriak, boteretsuak eta independenteak. Gizakien patuaren jabe eta gidari? baina, hargatik, Lurrean aspaldi ahaztuak. Asper-asper eginda, Klotok jolas tentagarri bat proposatu die ahizpei: ehuntzeko hariak hartu, eta lurtar baten bizitzan eragingo dute. Lurrean, Dickensen Eguberri kanta ezagunean bezala, Mar gazteak hiru mamuren bisita izango du. Ez da Gabon gaua, ordea, eta bisitariek ez diote alegiazko irakaspenik eman nahi; behinola bizi izan ziren emakume esanguratsuak dira: Margaret Fuller, Margarita Nafarroakoa eta Inés Joyes y Blake. Emakume beldurgarriak, boteretsuak eta independenteak, inondik inora ahaztu behar ez genituzkeenak. Garazi Albizuaren testu iradokitzaileak eta Olga Carmonaren ilustrazio indartsuek gidatuko gaituzte istorio irudimentsu honen bilbean, historia eta fantasia abilezia handiz harilkatuz.