Kazetarien harrobia elikatzen

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 8a, 10:47
Gorka Zabaletako kazetaritzaren inguruko ikastaroa ematen Zumaiako Herri Eskolan. (Juan Luis Romatet)

Kazetaritza Eskolak jasotzen ari dira Zumaiako bi ikastetxeetako DBH3ko ikasleak, energiaren inguruko lanketa eginez; emaitza Baleike.eus webgunean jarriko dute.

Kazetaritza Eskolak antolatu dituzte Zumaiako Herri Eskolan eta Zumaiena Ikastetxean bigarren urtez jarraian. DBH 3. maila ikasten ari diren 14 eta 15 urteko gaztetxoei zuzendutako programa da, eta aurten energiaren inguruko lanketa egin beharko dute. Horretarako, beren gurasoak elkarrizketatu eta haien erantzunekin osatutako lanak Baleike.eus webgunean argitaratuko dituzte.

Hiru hamarkada luzez Zumaian antolatu izan zen San Telmo literatur lehiaketaren errautsetatik sortu zuten iaz kazetaritza lantzeko programa. "Orain dela pare bat urte erabaki genuen San Telmo lehiaketa bertan behera uztea. Ikusten genuen beti berberek irabazten zutela eta gazteak motibaziorik gabe zeudela. Gainera, lehiaketak jasotzen zituen gaiak –prosa, poesia, bertsoak eta ahozkotasuna– ez zituzten eskoletan lantzen; puntualki bakarrik jorratzen zituzten, lehiaketarako. Proiektua azkenetan zegoela ikusita, erabaki genuen gehiago ez antolatzea", azaldu du Josune Herrarte Zumaiako Udaleko Euskara teknikariak.

Lehiaketa albo batera utzi bazuten ere, gaiak beste era batera lantzeko hautua egin zuten, Herrarteren esanetan. "Ahozkotasuna lantzeko, Bertsozale Elkartearen programa bat baliatzen dute LH 5. eta 6. mailetan, eta narrazioa Yolanda Arrietaren bidez jorratzen dute LH 6. mailan; poesia, berriz, Hegoak izeneko enpresa batek lantzen du DBH 1. mailan. Prosa lantzeko zerbait desberdina egin zitekeela pentsatu genuen, eta kazetaritza jorratzea erabaki genuen, ikusita, gainera, herrian bazegoela Baleike. Gorka Zabaletarekin [Urolako Komunikazio Taldeko zuzendari nagusia] harremanetan jarri ginen, eta proiektu polit bat aurkeztu zuen gazteek kazetaritza erreala egiteko".

Energiaren gaia

"Kazetaritza lan erreala da gazteek egingo dutena, sortzen duten edukia argitaratu egingo delako", nabarmendu du Zabaletak. "Gainera, lan kolektiboa da, bakoitzak bere alea jarrita, denen artean eduki oso aberatsa lortzen dutelako", erantsi du Kazetaritza Eskolako irakasleak.

Iaz jarri zuten martxan programa, orduan ere, DBH 3. mailako ikasleekin. Bai orduan, bai aurten, berbera izango da gai orokorra: Nolakoa izango da Zumaia 2050ean. Hala ere, aurten puripurian dagoen gai batera mugatuko dira: energiarenera, hain zuzen. "Nolako mundua utziko dugun hausnartu beharko dute; hau da, Zumaia nolakoa izango den ikasleak beren gurasoen adinera iristen direnean", zehaztu du Zabaletak. Gai horiek guztiak eskolan bertan ere lantzen dituzte, baina Kazetaritza Eskolaren kasuan, "kazetaritza ariketa baten ikuspegitik" egingo dute.

Metodologiari so eginez, ikasleek gai jakin batzuk landuko dituzte, Zabaletak esan duenez: "Nola irudikatzen duten herria etorkizunean; zer iritzi duten hainbat erronkaren gainean: biztanleriaren bilakaera, ekonomia, energia kontsumoa, klima aldaketa, hizkuntzaren erabilera... Hori egiteko kazetaritzaren metodoak erabiliko dituzte. Elkarrizketa bat nola egin behar den ikasiko dute, eta ondoren, bakoitzak gurasoetako bat elkarrizketatu beharko du".

Behin ariketa hori eginda, eduki guztia Baleike.eus webgunean prestatu duten atal berezi batean argitaratuko dute. Iaz egin zuten hori lehen aldiz, eta orduko inkestaren emaitzak eta elkarrizketak argitaratuta daude dagoeneko.

Herriaren bilakaera

Aurten bigarrenez jarri dute programa martxan herriko eskoletan, eta orain arte egindakoaren balorazio positiboa egin du, esaterako, Zumaiako Herri Eskolak. "Errealitatean islarik ez duten lan asko egiten ditugu eskolan. Kazetaritzaren arloa landuz, berriz, ikasleak kazetari gisa aritzen dira", adierazi du Itziar Unanue Herri Eskolako irakasleak.

Iaztik zenbait aldaketa egin dituzte programan, ikasleen beharretara egokitzeko. "Iaz lan karga handia izan zuten ikasleek. Galderak beraiek sortu behar izan zituzten; aurten galderak sortuta emango zaizkie, eta, gainera, iaz baino gutxiago izango dira", esan du Unanuek.

Kazetaritza Eskolaren balioa ere goraipatu du irakasleak. "Urtero-urtero programa gauzatuz gero, datuak biltzen joango gara, eta horiek baliagarriak izango dira herriak zer bilakaera izan duen ikusteko".