Martxan jarri dituzte DBHko eraikin berria egiteko lanak

Intza Trula 2023ko mar. 7a, 12:10
Zumaia BHIko eraikin berriaren lanak (Juan Luis Romatet).

10 ikasgela eta gimnasio bat izango ditu eta 250 ikasle hartzeko edukiera izango du.

Jada hasi dituzte Zumaia BHI handitzeko lanak. Eraikina Haur eta Lehen Hekuntzako ikastetxearen eta Aitzuri frontoiaren artean kokatuko da, Bigarren Hezkuntzako eraikinetik gertu.

Guztira 2.477 metro koadro izango ditu (horietatik 480 gimnasioak hartuko ditu), eta bi gunetan bereiziko da. Batak irakaskuntza-erabilerako eremuak izango ditu; hala nola, ikasgelak, irakasle gelak, tailerrak, erabilera anitzeko espazioa, Hezkuntza Premia Berezietarako gela... Besteak, gimnasioa, aldagelak eta biltegia izango ditu. Horrez gain, aterpea eraikiko dute gaur egun eskola eremuko frontoiaren ondoan dauden kirol-kantxak  estaltzeko.

Proiektu hau aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 7,3 milioi euroko ekarpena egingo du, eta obrak 20 hilabeteko epean amaituko dituztela aurreikusten da.

Horrez gain, Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, bi lan horien ondoren etorriko dira, haur eskola eta jantokiko sukalde berria egiteko lanak.