Lopez ez da finalera heldu Durangon

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 7a, 09:00
Erkiaga eta Lopez atzoko partidako une batean. (Eraman Jai Alai)

Durangon jokatzen ari diren emakumeen Winter Serieseko eta gizonen buruz buruko txapelketaren bigarren finalerdiak jokatu ziren atzo. Azken honetan, Imanol Lopezek ezin izan zuen Erkiaga garaitu.

Zesta punta bizitzen ari den momentu gozoaren beste adibide bat bizi izan zen atzo Durangon. Ezkurdi frontoiko harmailak bete egin ziren emakumeen Winter Serieseko eta gizonen buruz buruko txapelketako bigarren finalerdia ikusteko. Ez hori bakarrik: datorren astelehenean jokatuko diren finaletarako sarrerak ere agortu dira dagoeneko.

Emakumeen partidak eman zion hasiera jaialdiari. Erika Mugartegik eta Arai Lejardik bi setetan irabazi zieten Helena Barrenetxea eta Eneritz Lizardiri (15-8, 15-4). Markagailuak erakusten duena baino berdintasun handiagoa izan zen Ezkurdiko kantxan.

Jarraian, gizonen buruz buruko txapelketako bigarren finalerdia jokatu zen. Gernikako Winter Seriesa irabazi berri duen Imanol Lopez banakakoan primeran moldatzen den Aritz Erkiaga izan zuen aurkari. Ispasterrekoa hobeto egokitu zen Ezkurdi eraberrituko eszenatoki berrira, eta bi setetan irabazi zuen partida: 8-15, 12-15.