'Yerma' antzezlana ikusteko aukera izango da gaur Aita Marin

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 3a, 10:00
Lorcaren idatzi ezagunaren moldaketa ikusteko aukera izango da gaur Zumaian.

La Dramatica Errante antzerki konpainiaren Yerma antzezlana izango da gaur iluntzean Aita Mari zinema aretoan. Euskarazko saioa izango da. 

Zumaiako zinema aretoak Yerma antzezlana hartuko du gaur 20:00etatik aurrera. La Dramatica Errante konpainiaren produkzio hau Federico Garcia Lorcak 1934an egin zuen Yermaren moldaketa librea da. Maria Goiricelayak egin zuen egokitzapena, eta euskarazko bertsiorako Patxo Telleria aktore, dramaturgo-gidoigile eta zuzendariaren laguntza izan du.

Ane Pikaza da protagonista, eta harekin batera, besteak beste, Aitor Borobia, Loli Astoreka, Leire Oribe eta Unai Izquierdo ariko dira Zumaiako oholtzan. Lorcaren Yerma, jatorriz, landa-giroko tragedia bat da. Gai nagusia errepresioaren aurreko sena da. Yermak ama izan nahi du, baina ez du lortzen, Juan bere bikotea antzua delako, eta azkenean bere burua gorrotatzen du.

Antzezlanerako sarrerak aurrez salgai daude hemen. Aretoko leihatilan ere izango dira eskuragarri iluntzean.