Mobilizazioak hasi dituzte Orreaga enpresako langileek

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 2a, 17:00
Mobilizazioen barruan pankartak jarri dituzte herriko leku batzuetan. (LAB sindikatua)

Astilleros Balenciagarentzako azpikontrata lanak egiten ditu Orreagak enpresak. Langileek salatu dute bi hilabete doazela lanera joan gabe eta kobratu gabe, eta mobilizazioak hasi dituzte. 

Orreaga Estructuras y Obras enpresako langileek mobilizazioak hasi dituzte. Enpresako LAB sindikatuak igorritako mezuan jasotzen denez, bi hilabete pasa doaz lanera joan gabe eta soldata kobratu gabe, "gure etorkizuna zein izango den ezin jakinda". Hasiera batean, pankartak jarri dituzte herriko zenbait lekutan, eta aurrerago erabaki dute zein izango diren hurrengo pausoak.

Enpresako LAB sindikatuak hedabideetara bidalitako oharrak dio Astilleros Balenciagaren azpikontrata dela Orreaga. "Langile guztiok Balenciagan egiten dugu lan, bertako kideek egiten duten lan bera egiten. Hau da, Balenciagarako espresuki sortutako azpikontrata bat da Orreaga". 

Beti ere sindikatuaren arabera, langileek iazko abenduaren 22an jakin zuten ez zutela soldatarik jasoko, "Astilleros Balenciagak ordaintzen ez ziolako", eta enpresa itxi egingo zutela. Gabonetako oporrak amaitu aurretik, langileek enpresaren mezu bat jaso zutela dio sindikatuak. "Bertan langileoi lanera ez joateko eta 'ordaindutako baimena' geneukala adierazi ziguten, jakitun ginenean ez zigutela ordainduko. Beraz, bertako langile izaten jarraitzen dugu, baina, ez gara lanera joaten eta ez dugu soldatarik kobratzen", salatu dute. 

Ordutik idatzizko bestelako informaziorik jaso ez dutela ere adierazi dute langileek. "Urtarrilaren amaieran bildu zen berriro zuzendaritza langileekin eta hartzekodunen konkurtsoan sartuko zela esan zigun. Ordutik ez dugu beraien berririk izan, eta LABen bitartez jakin ahal izan dugu aurreko aste hasieran sartu zela tramitera konkurtsoa, baina, itxura denez oraindik tramitetan dago".

Orreagak eta Balenciaga jotzen dituzte langileek pairatzen ari diren egoeraren erantzule. "Balenciagari bikain zetorkion bere neurrira sortutako azpikontrata bat izatea, soldata baxuagoak eta lan-egoera kaxkarragoak izanda, nahi zuena hartu eta botatzeko aukera ematen baitzion". Orreagako zuzendaritzri ere egotzi diete ardura, langileen esanetan, "egora hau mantentzeaz arduratu" delako, "tartean etekinak atereaz". "Langileok otzan mantentzeko prekarietatean mantendu gaituzte egunen batean Balenciagan sartzeko aukera izango genuenaren 'ametsa' salduaz. Orain, Balenciagak ordaintzeari utzi dionean, bi hilabete pasa daramatzagu lanera joan gabe eta ezer kobratu gabe, gure etorkizuna zein izango den ezin jakinda", azaldu du sindikatuak oharrean.