Ikusmina sortu du Kepa Junkeraren 'Berpiztu' liburuaren aurkezpenak

Mireia Galarza Bastida 2023ko ots. 25a, 09:38

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Jone Goirizelaia politikari eta dantzari bilbotarra, Olatz Goikouria diseinatzailea, Mari Jose Lacadena sortzaile eta liburuko kolaboratzailea, eta Garikoitz Mendizabal musikari zestoarra arduratu ziren aurkezpena egiteaz, une oro Junkeraren begiradapean. 

Atzo egin zuten Kepa Junkeraren Berpiztu liburuaren aurkezpena Alondegiko Oxford aretoan. Ikusmina eragin zuen herritarrengan, eta goraino bete zen espazioa. Hain zuzen, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Jone Goirizelaia politikari eta dantzari bilbotarra, Olatz Goikouria diseinatzailea, Mari Jose Lacadena sortzaile eta liburuko kolaboratzailea, eta Garikoitz Mendizabal musikari zestoarra arduratu ziren aurkezpena egiteaz, une oro Junkeraren begiradapean. 

Ostolaza izan zen lehenengoa azalpenak ematen. Bere hitzetan, Junkeraren lotura Zumaiarekin "oso sakona" da, eta horren inguruko adibideak jarri zituen alkateak. Tartean, 2016an Algorrin grabatutako Marea Zumaian abestia. "Hala eta guztiz ere, Kepa Junkeraren harremana Zumaiarekin askoz lehenago hasi zen, umea zenean udak Zumaian igarotzen zituelako eta egonaldi horien lekuko da Azpillaga familia. Horregatik erabaki dugu liburua gure herrian ere aurkeztea", gehitu zuen Ostolazak. Aurkezpenean izan ziren aipatutako familiako kide asko. 

Goirizelaiak hartu zuen hitza jarraian, eta Junkeraren hitz batzuk irakurri zituen berak. Hori egin behar zuelako "oso pozik eta harro" zegoela aitortu zuen bilbotarrak. Honela zioten Junkeraren hitzek: "Kaixo, Kepa Junkera naiz. (...) Liburu hau oso berezia da niretzat. Azalean, aitonaren panderoa, eta kontrazalean nire ama. Ez dakit nola egiten duen, baina egunetik egunera ederragoa da. 91 urte bakarrik ditu. (...) Liburua eskuetan dudan bakoitzean, hona itzultzen naiz, Zumaia ikusi eta sentitzen dut. Eskerrik asko guztioi". Junkeraren ama ere aurkezpenean izan zen. 

Goikouriak ere musikariaren hitz batzuk esan nahi izan zituen, Zumaiari erreferentzia garbia egiten ziotenak. Bere hitzetan, "Zumaia leku berezia da, usainak dira, kresalarena eta Itzurunena, arranplakoa eta Txortenarena, (...) Amaia Hotelekoa, Juanita Kirikirena, kukurutxoarena (...)". Hitz horiek esanda, Goikouriak liburuaren azalpenak eman zituen. Hain zuzen, Junkerak iktusa pasa eta gero, "garbi" ikusi zuen liburu bat idatzi nahi zuela, baina ez zekiten nola. Denborak aurrera egin ahala, ideiak hor jarraitzen zuen, eta "oso egoskorra" denez, liburua egitea erabaki zutela adierazi zuen Olatz Goikouriak.

Liburuaren xehetasunak, eta musika

"Junkerak garbi zuen hasieratik liburuan bere ibilbidearen errepaso bat egin nahi zuela, baina begirada berritzaile batekin", azaldu zuen diseinatzaileak. Hori egiteko, lehenik eta behin, liburuko atal bakoitzaren amaieran Junkeraren partitura bana dago txertatuta, baita QR kode bat ere, bertan Junkerak konposatu dituen partitura guztiak ikusteko. Aldi berean, musikariak dituen instrumentu guztiak ere sartu dituztela adierazi zuen diseinatzaileak. Eta azkenik, begirada berritzailea emateko, Junkerak argitaratu dituen disko guztien interpretazioak ere txertatu dituzte, hainbat artistek egin dituztenak. 

Horietako bat da Mari Jose Lacadena oriotarra.  Beti bizi diskoaren interpretazio plastikoa egin du berak, eta hori erakusteko bideo bat jarri zuen. Bertan, trikitixa baten hauspoa ikus daiteke, sortzaileak "eraikin sakratu" bat bezala identifikatzen duena, "bizitzan mugitzen garena". Alboan, aldiz, tximeleten kapuluak eta tximeletak jarri ditu artistak, hurrenez hurren, jaiotza eta heriotzak, eta bizitza irudikatzeko.

Hitz egiten azkena izan zen Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra, eta bien arteko harremanari buruz hitz egin zuen. Zestoarraren hitzetan, aspalditik ezagutzen zuen Junkera, baina 2004. urtetik aurrera estutu zen bien arteko harremana. "Bilboko Udal Txistulari Bandaren zuzendaritzara iritsi nintzen urte horretan, eta harrezkeroztik ez da gure harremana eten", gaineratu zuen zestoarrak. 2013ko anekdota bat ere kontatu zuen, Madrilen gertatu zena. "Kepak Musika Auditorio Nazionalean kontzertua eman behar zuen, eta ni ere Madrilen nengoen beste kontu batzuengatik. Biok hizketan hasi ginen, eta galdetu zidan ea txistua eraman nuen Madrilera. Baietz esan nion, eta hara non amaitu nuen egun horretan Uriondo jotzen Junkerarekin batera Musika Auditorio Nazionalean", azaldu zuen barrez. Momentu horri keinua egiteko, pieza bera jo zuen Mendizabalek Oxford aretoan. 

Bukaeran, opari txiki bat ere jaso zuen Junkerak. Hain zuzen, Miriam Romatet kultura teknikariak Iñaki Osa Goikoetxea puntistaren kamiseta bat oparitu zion Junkerari. Amaitzeko, familia argazkiak atera zituzten denek batera.