Inauteriak 2023

Irudimenak hartu ditu herriko bazter guztiak

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 18a, 14:36

Eguerdirako kaleak mozorro koloretsu eta originalez blaitu dira, eta herritarren aurpegietan ohi baino irribarre gehiago agertu dira. Vikingoak ontzi eta guzti, artzaina artaldearekin eta txakurrarekin, sorginak etxetxoarekin... Astindu dantza taldeak, esaterako, kalejira egin du, eta dantza saio bizi eta alaiak eskaini ditu han-hemenka.

Atzo arratsaldean hasi ziren inauteriak Zumaian Musika eta Dantza Eskolakoen jaialdiarekin, eta gaur eguerdian jarraitu du festak Astindu dantza taldearen emanaldi eta kalejira alaiarekin.

Gainera, tantaka-tantaka herritar ugari atera da kalera taldean, banaka zein familian mozorrotuta, eta mozorroak aukeratzeko erabilitako irudimenak irribarre asko sorrarazi ditu kalean gora eta behera zebiltzanen artean.

Taldeka, batzuek vikingoen ontzi eta guzti atera dira; beste batzuek sorginez jantzi dira, eta etxe dotorea beraiekin hartu dute; artalde eta artzain txakur eta guzti atera den artzainik ere izan da. Italian ohikoak diren gondola bat ere agertu da, eta Alpino margoez mozorrotu den kuadrillarik ere izan da.

Arratsalde-iluntze partean hitzordu gehiago izango da. Honakoa da egitaraua gaurko, biharko zein etzirako:

Gaur, larunbata
17:00. Eusebio Gurrutxaga plazan inauterietako mozorro festa.
18:00. Haurren mozorro lehiaketa.
18:30. Herriko kaleetan zehar, kalejira Zumai txarangarekin.
18:30-21:00. Oxford aretoan Argazki Txokoa.
22:00. Amaia plazan, Dj Davilaren saioa.
 
Bihar, igandea
12:30-14:30. Betijai fanfarrearen kalejira herriko kaleetan zehar.
17:00. Aita Marin, zine emanaldia Yuku eta Himalaiako lorea.
 
Etzi, astelehena
15:00 eta 17:30.  Zumaienan,  Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna: Urteak bete, abenturak bizi.