Hamaika argi gure euskarari

Lapurreta

Imanol Azkue Ibarbia 2023ko urt. 1a, 10:00
Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza

Dokumentu luze eta eder bat ekarriko dugu gaur XIX. mendeko bizimoduaren berri emateko. Epaiketa batekoa da, eta balio du ikusteko nola bizi ziren orduan zumaiarrak, zer lanbide zeuzkaten, nola mugitzen ziren batetik bestera… Euskara ere agertuko zaigu, batzuetan ia oharkabean, beste batzuetan nabarmen agerian.

Abenduko Baleike aldizkarian argitaratutako edukia. 

osefa Antonia Olaizola alargunak denda zeukan Goiko plazan, udaletxearen ondoan, Patxikaandienekoa bezala ere ezaguna, telak, zapatak eta abarrekoak saltzeko, eta lapurreta egin zioten 1816ko irailaren 21aren eta 22aren arteko gauean. Gero deklaratu zuenez, denda ondo itxita eta txukun zegoela ziurtatuta joan zen ohera 22:00ak aldera. Goizean jaiki eta atarira jaitsi zen ur bila, eta hara non ikusi zituen arropa batzuk lurrean botata eta dendako leihoak zabalik. Seme-alabei deitu zien oihuka, esnatzeko eta jaisteko, eta denda herriaren erdigunean zegoenez, segituan inguratu ziren herritar gehiago ere, zer gertatzen zen ikustera. Lapurtu egin zieten, eta Jose Manuel Alzolaras alkate eta epaileak, Juan Bautista Urbieta idazkari hartuta, ofiziozko autoa hasi zuen lapurreta argitzeko.

Dendaren jabeak, Josefa Antoniak, bazekien salgaiak lapurtu zizkietela, apalak hutsik utzi zituztelako, baina ez zekien zehatz-mehatz edo seguru zer, alabak, Maria Barbarak, ekarri ohi zuelako normalean jeneroa, eta haren deklarazioan zehazten da zer falta zitzaien. Maria Barbarak dio lau edo bost egun lehenago Baionan izan zela salgaien bila, Zumaiatik itsasontziz joanda, eta Bilbotik ere material ugari zeukala ekarrita, tartean "dos piezas de maón con raias blancas la una y la otra con azules, de lo que gastan las mujeres en este país para saias y delantales, y las denominan con el de mantalquia"1, eta horra hor euskarazko hitz bat, erdarazko testuan ia ezkutatuta, mantalak egiteko gaia adierarekin. Amaieran, ohi bezala, eskribauak deklarazioa irakurri zion Barbarari, berresteko, baina amak bezala, Maria Barbarak ere ez zuen sinatu, "porque dijo no sabía escribir". Beste herritar batek, Jose Ramon Etxezarretak, baieztatu egin zuen Maria Barbarak jeneroa ekartzearena, hauxe adierazi baitzuen deklarazioan:

"Que el día nueve de este mes llegó el testigo a la ciudad de Bayona en Francia embarcado en una lancha de este puerto en compañía de Barbara de Mancisidor, hija de la insinuada Josefa Antonia, y otras muchas personas de este Pueblo, y la Mancisidor con el objeto de comprar géneros o telas para la tienda de su madre como en efecto hizo muchísimas compras"2.

Amaieran sinatu ere egin zuen Etxezarretak, ikasketaduna baitzen, frantsesez ere bazekiena.

Manuela Ignazia Egañak ere deklaratu zuen, alkatearen aurrean. Okina zen, eta adierazi zuenez, 03:30ean jaiki zen ogia egitera joateko eta ez zuen ikusi ezer arrarorik dendaren kanpoaldean, paretik pasatu zenean. Deklarazioaren amaieran, berresteko unean, hauxe dago idatzita: "Que lo depuesto es la verdad por el juramento que lleva prestado en la que habiéndosela leído en lengua bulgar vascongada se afirmó ratificó y no firmó por que dijo no sabía escribir"3. Hau da, deklarazioa itzuli egin zion euskarara eskribauak, uler zezan, gaztelaniaz ez zekielako.

Agintariek jakin ahal izan zutenez, lapurretako egunean Zarauztik gizon bat eta emakume bat pasatu ziren goizeko orduetan, "con fardos crecidos", eta alkateak ofizioa bidali zien Zarautz, Orio, Usurbil eta inguruko beste herri batzuetako alkateei, lapurretaren berri emateko eta informazioa eskatzeko; halaber, bi gizon izendatu zituen argibide gehiago jakitera joateko, baita bidali ere lapurren atzetik.

Bi gizon haiek Jose Manuel Manzisidor eta Manuel Egaña ziren; lehena, 17 urtekoa, Josefa Antonia dendariaren semea zen, eta bazekien zer jenero lapurtu zieten, komeni baldin bazen ere; bestea, berriz, alkatearen konfiantzakoa zen, 37 urtekoa. Biek, elkarrekin, hurrengo egunotan lapurren arrastoari jarraitu zioten, zakurrek ehizari nola, ustezko lapur haiek jeneroa saltzen joan baitziren pasatzen ziren lekuetan: Zarautzen, Aian, Bidanian, Goiatzen, Ikaztegietan, Legorretan… Azkenean, Ordiziako azokan atxilotu zituzten, Seguran arropak eta telak saltzen aritu ondoren Tolosa aldera abiatzekotan zirenean, eta preso hartuta, bi militarrek lagunduta, Zumaiara eraman zituzten, kartzelara.

Atxilotuak Josefa Berridi eta Josef Alberro ziren. Deklaratu zutenez, senar-emazteak ziren, emakumea 30 urte ingurukoa eta Andoaingoa; gizona, berriz, 45 urte ingurukoa eta Hernanikoa. Gizona lanbidez arotza zen, eta ezkonduz geroztik, salerosketan aritzen ziren elkarrekin, herriz herri, Gipuzkoatik Galizia arteko eremu zabalean jeneroak erosi eta gero saldu: bakailaoa, txokolatea, tabakoa, arropa erabilia eta berria… Gizona oso zaildua zen, zenbait gerratan Frantzian eta Ingalaterran preso egona, ingelesez eta portugesez hitz egiteko ere moldatzen zena. Biak elkarrekin Donostiatik iritsi omen ziren itsasontziz Zumaiara (baina lekukoek gero ukatu egin zuten hori), eta Bilbo aldera joan behar omen zuten oinez, herritar batzuei adierazi zietenez, "alas cobranzas del haber que tenía dicho Josef por razón de las mesadas y del tiempo que anduvo en los corsarios"4, baina beste deklarazio batean ukatu ere egin zuen hori, eta esan inoiz ez zela ibili "en las lanchas cañoneras". Epaileak galdetu zion Josefa Berridiri zer egin zuen aurreko egunetan, nondik nora ibili ziren, eta hark adierazi zion Bizkai aldera joanak zirela, baina ez zela akordatzen herrien izenez, ahaztu egiten zitzaizkiolako, eta handik bueltan joan zirela Ordiziara. Saltzen ari ziren jeneroez galdetuta, ea nondik atera zituzten, Josefak hau erantzun zuen: "fueron comprados [por] su marido a dos Hombres desconocidos en el monte hacia Guetaria y no sabe por cuánto, por ser castellanos y no poseer ella este idioma, ni sabe qué cantidad les dio su marido"5. Hitz horiek irakurrita, ordura arteko deklarazio guztia kolokan geratzen da; izan ere, idatziz gaztelaniaz jasotzen ari ziren Josefaren deklarazioa, eta aitortzen duen bezala gaztelaniaz ez bazekien, pentsatzekoa da euskaraz ari zela hizketan eta eskribaua ari zela itzulpena egiten, euskaraz adierazitakoa gaztelaniaz idatzita jartzen. Amaieran, argi berretsiko du idazkariak berak uste hori: "haviéndola dado a entender en lengua vulgar vascongada ala declarante se afirmó en ella y no firmó por que dijo no sabía escrivir"6.

Josef Alberrok, gizonak, ere deklaratu zuen epailearen aurrean, eta xehetasun gehiago eman zituen lapurretaren aurreko egunetan eta hurrengoetan egin zutenaz: Zumaiatik Lekeitiora joan zirela, eta handik bueltan, Getaria eta Zarautz arteko mendian, ezezagun batzuek saldu zizkietela telak, eta haiek hartuta abiatu zirela pixkanaka Aiatik barrena Albizturrera, Legorretara... Seguran jeneroak saltzen aritu ondoren, Ordizian atxilotu egin zituzten.

Dokumentuan, hainbat zumaiarren testigantzak daude jasota, bakoitzak zer ikusi zuen goiz eta gau hartan, zer jenero aurkitu zuen kalean botata, nola eman zien ostatu ustezko lapurrei… Adibidez, Juaquina Beristainek, Azkoin baserrikoak, Alberro eta Berridi senar-emazteak entzun zituen pasatzen baserriaren kanpoaldetik, "y aunque puso la atención por conocerles no pudo, y solo por el tonillo de hablar en vascuence la pareció serían de Goierri"7. Dendaren nagusiaren, Josefa Antoniaren, deklarazioa ere oso argigarria da, eta haren hitz batzuek Maria Barbara alabak adierazitakoa beste begi batzuekin irakurtzera eramango gaituzte:

"Dijo: que con el motivo de que antes de ahora ha hecho varios viages su hija Maria Barbara de Mancicidor a Bayona y Bilbao en busca de géneros y con motivo de no saber escribir, no poseer el idioma castellano la enunciada Su Hija Mª Barbara no ha tenido la precaución de traer la correspondiente factura de géneros que a solido traer"8.

Izan ere, Maria Barbarak deklaratu zuenean, gaztelania hutsean azaldu zuen zer eta zenbatean erosi zituen Baionan… Nola egingo zuen gaztelaniaz, ez baldin bazekien? Berariaz jasota ez baldin badago ere, pentsatzekoa da euskaraz deklaratu zuela, eta eskribauak fin-fin itzuli zituela gaztelaniara hark euskaraz esandakoak. Beste helduleku bat ere geratuko zaigu agerian: 19 urteko neska gaztea Baiona eta Bilbo hiriburuetara joan ohi zen erosketak egitera, gaztelania edo frantses zipitzik ere jakin gabe, baina moldatzen zen, moldatzen zenez, euskaraz hartuko zutelako dendariek edo izango zuelako zeinek itzuli edo lagundu.

Auzi honetan, guztira Zumaiako hogeita bi herritarrek deklaratu zuten, 11 emakumek eta 11 gizonek; zaharrenak 68 urte zeuzkan, eta gazteenak 17. Herritar arruntak ziren, ez ziren handixkiak edo maila gorenekoak: baserritarrak, okinak, patroiak, tabernariak, dendariak…; gehienak ez ziren ikasiak edo ikasketadunak, eta gertaera tamalgarri bat zela-eta, horren inguruan zeresana zeukatelako deitu zituzten deklaratzera, eta epaileari azaldu behar izan zioten zekitena. Ofiziozko auto honetan, deklarazioen amaieran, legeak agintzen zuen bezala, adierazitakoa berresteko eta sinatzeko eskatu zien idazkariak lekukoei; hogeita bi lagun horietatik, zortzik baino ez zuten sinatu, eta gainerako hamalauen deklarazioetan "no firmó por que dijo no sabía escribir" edo antzeko formulak daude jasota; horrek esan nahi du ez zekitela idazten eta irakurtzen, baina seguru asko gaztelaniaz ere ez zuten jakingo, edo ez ulertzeko behar adina, behintzat, baten baten deklarazioaren amaieran propio ageri den bezala. Generoaren aldetik begiratuta, oso alde nabarmena dago sinaduretan: emakume bakarrak, tabernaren jabeak, sinatu zuen deklarazioa, eta gainerako hamar emakumeek ez; gizonezkoetan, berriz, zazpik sinatu zuten, eta lauk ez.

Lapurrei dagokienez, epaiketa eginda, errudun deklaratu zituzten senar-emazteak: Alberrori zortzi urteko kartzelaldia ezarri zioten, "en cualquiera de los [presidios] de África"; Berridiri, berriz, "cuatro años de reclusión en la Real Casa de Galera", hau da, Madrilgo emakumezkoentzako kartzelan.

Lapurreta arrunt baten inguruko dokumentazioak aukera eman digu orduko herrikide batzuen bizimoduaren berri izateko edo hobeto ulertzeko: salgaiak, garraioak, lanbideak, ohiturak… Baina, batez ere, balio digu egiaztatzeko orduan ere Zumaia euskalduna zela, eta agiria gaztelaniaz idatzita baldin badago ere, behin eta berriz ikusten dugu zumaiarrak euskaraz bizi zirela. Patxikaandienekoaren dendako oihalekin gaztelaniaz jositako kontakizunaren soinekoaren azpian, euskarazko gorputza dago ezkutuan, 35º-37º C artean, bizi-bizirik, eta halaxe ageri da larru-azala bistaratu orduko.