Saltokiak eta bezeroak kalera atera ditu Neguko azokak

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 10a, 18:21

Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako Neguko azokaren lehen eguna egin da gaur eta, eguraldia lagun, herritar ugari aritu da saltokiek kalera ateratako postuetan begira. 

Ostiralean eta larunbatean, bi egun hauetan egingo da Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako Neguko azoka. Bertan, elkarteko hemezortzi saltokik hartuko dute parte; dendaren ate aurrean jarriko dituzte postuak bezeroak erakartzeko. 

Goizez eta arratsaldez izan da azoka martxan eta eguraldia lagun dutela, herritarrak ere aritu dira arropa, oinetako, bitxi eta bestelakoen artean kuxkuxeatzen. Kalea girotzeko ekitaldia ere izan da arratsalde partean Erribera kalean, ipuin kontalari batek.

Bihar, larunbatez, egingo da azokako bigarren eguna. Ostiralean bezala, zapatuan ere goizez eta arratsaldez izango da azoka martxan: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, hain zuzen.

Bestelako ekitaldiak ere izango dira. Hala, goizez, 11:00etan hasita gaileta tailerra egingo da. Haurrentzako ekitaldi hau Erribera kalean egingo da. Goiz partean baita ere, 12:00etan hasita, trikitilariak arituko dira kalez kale. Arratsaldean, berriz, 18:30etik aurrera musika saioak izango dira herriko kaleetan zehar.