Emakume baserritarren elkarteak hitzaldia antolatu du astearterako

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 11a, 11:00
Baserriko lana "gogorra eta sakrfikatua" dela badakite Hitzez elkarteko kideek.

'Nekazarien erregimen berezia. Prestazioak' gaia hizpide izango du Itziar Eizmendi abokatuak saioan, eta nekazarien laguntza eta eskubide ekonomikoak zein diren azalduko du. Hitzaldia Zarauzko Etxezabala eraikinean izango da.

Hitzez emakume baserritarren elkarteko kideek jakin badakite "baserriko lana gogorra eta sakrifikatua" dela. Baserritarrek autonomo gisa kotizatu behar izaten dute Gizarte Segurantzan, eta elkartetik azaldu dute askotan ez dutela jakiten zein laguntza eta eskubide ekonomiko dituzten. Hori dela eta, gaiaren inguruko hitzaldia antolatu dute. Itziar Eizmendi abokatuak eskainiko du, eta nekazarien erregimen berezia eta prestazioak izango ditu hizpide. Bertan baserritarrek Gizarte Segurantzaren zein prestazio edo pentsiorako zein eskubide dituzten azalduko du, eta lehen sektorean eskubide horiek eskuratzeko pausu eta baldintzak zein diren ere aipatuko ditu.

Hitzaldia asteartean izango da, Zarauzko Etxezabala eraikinean (Kale Nagusia 29.), 16:00etan hasita. Doakoa izango da eta gaiarekiko interesa duten herritar guztiak ongi-etorriak izango direla jakinarazi dute elkartetik.