Inauteriak 2023

Larunbatean aterako dira kaldereroak berriro Zumaiako kaleetara

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 9a, 12:51
2019an atera ziren kaldereroak lehenbizi herriko kaleetara. (Zumaiako Udala)

Izurriteak behartutako bi urteko hutsartearen ondoren, larunbatean berriro arituko dira kaldereroak kalez kale. 

Kaldereroen kalejira aterako da larunbat iluntze partean Zumaiako kaleetara. 19:00etan abiatuko dira Gurrutxaga plazatik, eta erdigune kale batzuk zeharkatuko ditu.

2019an egin zen kaldereroen lehen desfilea herrian, eta 2020an, COVID-19 dagoeneko ate joka zela,  bigarrena; azken bi urteetan, ordea, izurriteak behartuta, ezin izan zuten kaleetara irten. Aurten animatu dira berriro ere, eta Oxford aretoan egindako entsegu saio batzuen ondoren, berriro arituko dira kalez kale zartaginak jotzen.

Herrian egiten ari diren obra batzuk direla medio, ibilbidea aldatu behar izan dute. Hala, alde zaharretik abiatu beharrean, Gurrutxaga plazatik aterako dira. 19:00etan jarri dute hitzordua. Plazatik irtenda, Erribera kalea zeharkatuko dute, eta Ondartxo plazatik pasatu ondoren, Ardantzabiden amaituko dute aurtengo kalejira.