Winter Serieseko finalerako azken txartela eskuratzen ahaleginduko da Goikoetxea bihar

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 5a, 18:15
Etxeto ezkerrean eta Goikoetxea eskuinean (ETB)

Txapelketa osoan zehar bikote izan duen Nicolas Etxetorekin batera jokatuko du finalaurrekoa Xabier Barandika eta Unai Lekerikaren aurka.

Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak partida garrantzitsua izango du bihar. Izan ere, nahitaez irabazi beharko du Jai Alai Winter Series txapelketako bigarren edizioko finala jokatu nahi badu. Nicolas Etxetorekin B multzoko bikote onena osatu du Goikoetxeak jokatu dituzten hiru norgehiagokak irabazita, baina aurrean izango duten bikotea ere ez da nolanahikoa: Xabier Barandika eta Unai Lekerikaren izango dituzte kontraio, A multzoko bigarren sailkatuak, hain zuzen ere.

Txapelketako orain arteko partida guztiak bezalaxe, ETB1en ikusi ahalko da biharko bigarren finalaurrekoa 22:30etatik aurrera. Goikoetxeak eta Etxetok garaipena lortuko balute, joan den astelehenean jokatutako lehenengo finalaurrekoa irabazi zuten Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez, txapelketa lehiatzen ari den beste zumaiarra, izango lituzkete aurkari finalean. Ondorioz, Goikoetxearen garaipenak ziurtatuko luke zumaiar batek jarriko lukeela Winter Serieseko txapela. Hilaren 19an, igandea, jokatuko litzateke balizko final hori 12:00etan.

Aldiz, Barandikak eta Lekerikak irabaziko balute, hirugarren eta laugarren postuak finaktuko dituen partida jokatu beharko lukete Goikoetxeak eta Etxetok. Hilaren 13an, astelehena jokatuko da hori.