Indamendiren 50. urteurreneko argazki erakusketa zabaldu dute Oxforden

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 4a, 12:30

Indamendi mendi bazkunak mende erdia bete du aurten. Horren harira hitzaldiak eta zeharkaldiak antolatu ditu elkarteak, eta atzo historia hori jasotzen duen argazki erakusketa zabaldu zuten. 

50 urte bete ditu aurten Zumaiako mendi elkarteak, Indamendik, eta urte osora zabalduko dituen ospakizunen barruan, mende erdi horretako historia biltzen duen argazki erakusketa zabaldu zuten atzo Alondegiko Oxford aretoan. 

Mendi tontor bat baino gehiago zapaldu duen herritar ugari bertaratu zen erakusketaren irekierara, eta askok gazteagoak zireneko beraien argazkia aurkituko zuten aretoko hormetan.  

Garai guztietako makina bat argazkik , orduko fitxek eta Indamendi bera sortu aurretik banatzen ziren dominek osatzen dute, besteak beste, otsailaren 17ra arte bisitatu ahal izango den erakusketa, egunero 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan eguerditan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.