Inauteriak 2023

Euskal mitologiaren inguruko Inauterietako jaialdia eskainiko du aurten Musika eta Dantza Eskolak

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 4a, 09:30
Otsailaren 17ko jaialdian parte hartuko duten kide batzuk. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak urteak daramatza inauterietako jaialdia antolatzen. Aurten ere ez dute hutsik egingo, eta euskal mitologiaren inguruko jaialdia egingo dute hilaren 17an, arratsaldez. 

Tartalo eta Basajaun, Mari eta lamiak, euskal mitologiako pertsonaiak arituko dira kalez kale otsailaren 17an, Zumaiako Inauteriei hasiera emango dien ekitaldian. Urtero bezala, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak inauterietako jaialdia antolatu du, eta euskal mitologiako pertsonaietan oinarrituko aurtengo ikuskizuna.

Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Sofia Oriak azaldu duenez, "arte espresio desberdineko jendea biltzea da". Hala, eskolako musika, dantza eta antzerkiko ikasleek zein irakasleek hartuko dute parte jaialdian. Horiekin batera izango da Zumaiako Musika Banda, baita ikasleen gurasoak ere. Ohi den bezala, Ander Hormazuri diseinatu ditu kartela eta jaialdian erabiliko diren panpinak. 

Hilaren 17an, ostirala, 17:45ean abiatuko da Musika eta Dantza Eskola osatzen duen familia Alondegi paretik. Ikasleek zein irakasleek, Zumaiako Musika Bandako musikariek, gurasoek, kalejira egingo dute Erribera kalean zehar Beheko Plazaraino. Han egingo dute jaialdiko ekitaldi nagusia.

Egun hori ahalik eta hobekien prestatzeko, irakasleei eta gurasoei zuzendutako dantza garaikide ikastaroa ere antolatu dute. Bi saio izango dira, otsailaren 7an eta 14ean, 19:00etatik 19:30era bitartean Zumaiena ikastetxeko gimnasioan. "Gurasoekin harremanak estatutzeko asmoarekin antolatu dugu ikastaro hau, baita ikasle beraiek ikus dezaten helduak ere ondo pasatzeko gai garela", gaineratu du Oriak.