Santa Agedako kantu kalejira egingo du Beheko Plaza abesbatzak larunbatean

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 2a, 19:04

Santa Ageda eguna ospatuko da igandean, eta ohikoa den bezala, izango dira ekitaldiak eskoletan. Beheko Plaza abesbatzak, berriz, kantu kalejira egingo du larunbat arratsaldean. 

Hilaren bian Kandelario bostian Santa Ageda dio koplak, eta azken urteotan gertatu bezala –pandemiak behartutako hutsartea izan ezik–, Beheko Plaza abesbatza kalez kale arituko da egun honi lotutako koplak abesten. Larunbatean izango da Agustin Zubimendik zuzentzen duen abesbatzaren kantu kalejira, 18:00etatik aurrera. 

Herriko ikastetxeetako haurrak kalez kale aritzen ziren lehen santa eskean orain urte batzuk arte. Beste era batean gogoratuko dute eskoletako haurrek egun hau. Hala, Zumaiako Herri Eskolako LH 6ko ikasleak Otezuri zentrora eta eguneko zentrora joango dira bertsolaritzako orduetan idatzitako koplak bertako egoiliarrei abestera. 

Zumaienan, berriz, HHko eta LHko haurrak arituko dira kantuan goiz partean. Ipuin musikatua, hamaiketakoa eta kale ekintza izango dute goizean zehar. Irulegiko eskua ere gogoan izango dute ikastetxeko honetako haurrek.