Kauldi Odriozola: "Edozein selekzio garaitzeko gai garela erakutsi dugu"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 2a, 09:00
Kauldi Odriozola munduko txapelketako une batean. (IHF)

Brontzezko domina zintzilikatuta itzuli da Munduko Eskubaloi Txapelketatik Kauldi Odriozola (Zumaia, 1997). Urte beteko epean lortu duen bigarren domina da, eta jokalari garrantzitsua izan da.

Zure lehen Munduko Eskubaloi Txapelketan brontzeko domina lortu duzu, zer-nolako balioa ematen diozu?

Handia. Txapelketa luzea izan da, eta asko sufritu dugu, egia esan. Tentsio handiko momentuak izan ditugu, baina, zorionez, hirugarren postua lortu dugu, eta oso emaitza garrantzitsua da niretzat, nire lehenengo Munduko Txapelketa delako, baita taldearentzat ere. Horregatik, oso gustura gaude.

Esan ohi da brontzeak zilarrak baino zapore gozoagoa duela. Zuk biak lortu dituzu Espainiako selekzioarekin jokatu dituzun bi txapelketa handietan. Oraingoan, iazko Europako Txapelketan baino dezente gehiago jokatuta, gainera. Horrek are gozoago egiten al du hau?

Egia da aurtengoan minutu asko jokatzeko aukera izan dudala, momentu erabakigarrietako minutuak izan dira, gainera. Hala ere, bi dominei ematen diet balio bera. Niretzat oso garrantzitsua izan zen iazkoa, nahiz eta parte hartze txikiagoa izan. Oso zaila da Espainiako selekzioaren deia jasotzea, jokalarien maila oso handia baita.

Azken txapelketan taldeak argi utzi du oso lehiakorra dela. Ez duzue sekula amore eman, eta galdu dituzuen partidetan garesti saldu duzue porrota.

Edozein selekziori irabazteko gai garela ikusi da. Txapelketa hasi aurretik, ez geunden faboritoen artean, baina beste behin erakutsi dugu kontuan hartzeko taldea garela. Horren erakusle da txapelketa irabazi duen Danimarkaren aurka jokatu genuen finalaurrekoa. Esango nuke nahiko erraz garaitu dituztela aurkari gehienak, eta haien kontra aritu ginenean, irabazteko aukerak izan genituen. Horrez gain, Frantzia bigarren sailkatuaren aurka bi golen aldeagatik soilik galdu genuen.

Diozunez, ez zeundeten faboritoen artean. Askotan gertatzen zaio hori Espainiako selekzioari, nahiz eta gero sekulako emaitzak lortu ohi dituen.

Harrigarria da, bai, eta kosta egiten zait ulertzea zergatik ez duten Espainia sartzen txapelketa irabazteko hautagai nagusien artean, potentzial handiko taldea da eta. Uste dut zortzi domina direla azken hamar urteetan lortu dituenak. Talde gutxik lortu dituzte hain emaitza onak.

Danimarkaren eta Frantziaren aurkako partidak aipatu dituzu lehen, baina Norvegiaren aurkako final-laurdenetakoa ere nabarmentzekoa izan zen.

Oso partida zoroa eta lehiatua izan zen hura. Markagailuan atzetik joan ginen ia partida osoan eta, egia esan, edonork esango zukeen ezinezkoa zela lortu genuena lortzea. Izan ere, partida amaitzeko hemeretzi segundoren faltan, norvegiarrek gol bateko aldea zuten, beraiena zen baloiaren jabetza eta jokalari bat gehiago ere bazuten, gainera. Zorte pixka bat ere izan genuen, baina kontua da baloia berreskuratzea eta arauzko 60 minutuen barruan gola sartzea lortu genuela, luzapena behartzeko. Azkenean, bi izan ziren jokatu genituen luzapenak, eta gol bateko aldearekin irabazi eta finalerdietara sailkatu ginen.

Danimarkaren aurka momentu bakar batean ere ez genituen besoak jaitsi, nahiz eta atsedenaldira bost gol azpitik iritsi ginen. Lanean jarraitu genuen, eta gol bakarrera gerturatzea lortu genuen. Dena den, uste dut ez zela gure eguna izan, jaurtiketa ugari huts egin genituelako. Hirugarren posturako partida ere oso antzekoa izan zen. Laugatik galtzen joan ginen atsedenaldira, Suedia partida ona ari zen egiten, baina buelta eman genion bigarren zatian. Defentsa aldatu genuen, eta atezainak ere jaurtiketa asko gelditu zituen.

Defentsa lan horretan zeresan handia izan duzu zuk txapelketa osoan. Taldea sufritzen ari zenean joera aldatzeko pieza garrantzitsua izan zara. Hala sentitu al duzu?

Jokalari aurreratua izan naiz 5:1eko defentsan eta uste dut partida askotan ondo atera dela, eta asmatu dugula. Azken finean, aurkariak gehiago presionatu ditugu eta deserosoago jokatu dute. Niri dagokidanez, gustura aritu naiz defentsa horretan. Selekzioarekin egin ditudan kontzentrazioetan askotan landu dut eta Bidasoan ere egiten nuen sarritan. Naoneden (Bretainia) oraindik ez.

Erasoan ere 26 gol eman dizkiozu taldeari. Hori bai, txapelketako lehen bi faseetan sartu zenituen gehienak.

Hegaletako jokalariak jokaldia amaitzeko pasatzen dizkiguten baloien menpe gaude, eta kanporaketak hasi direnean baloi gutxi iritsi zaizkigu eskuin hegalera. Horregatik, jaurtitzeko aukera gutxiago izan ditugu.

Penaltiz hamar gol sartu dituzu hamabi ahaleginetan. Bidasoan ere jaurtitzen zenituen maiz, baina berez ez zara arloan espezialista, ezta?

Min hartuta aurtengo deialitik kanpo geratu den Aleix Gomezek jaurti ohi ditu penaltiak selekzioan. Munduko jokalari onenetakoa da zeregin horretan, eta Jordi Riberak hainbat jokalari hautatu ditu hura ordezkatzeko. Horien artean ni. Emaitza ikusita, gustura nago egindakoarekin.

Munduko Txapelketa atzean utzita, asteburuan ligako partida duzu berriro. Izan duzu atseden hartzeko tarterik?

Batere ez. Suediatik itzulita harrera ekitaldiak izan ditugu Madrilen, eta Naonedera itzuli aurretik, Zumaian egun eta erdi pasatzeko aukera izan dut soilik; familia agurtu eta gauza gutxi egiteko aukera, beraz. Hala ere, nekatuta egon arren, gogotsu ere banago bigarren itzuliari ekiteko. Erronka politak ditugu aurretik Frantziako ligan, kopan eta Europan, Txapeldunen ligan. Oso ondo kokatuta gaude hiru txapelketetan, eta ondo aritu behar dut Espainiako selekziora itzuli nahi badut. 2024an, Europako Txapelketa eta Olinpiar Jokoak izango ditugu.

Bretainian ere gustura dabil Odriozola

Irungo Bidasoa utzita, udan iritsi zen Naonedera eskubaloi jokalari zumaiarra. Aitortu duenez, liga, hiri eta hizkunza berri batzuetara egokitu beharrak "beldur apur bat" eragiten zion, baina dagoeneko gainditu du. "Hasieratik sentitu naiz eroso", dio zumaiarrak.

Zentzu horretan, harrera egin dioten taldekide espainiarren laguntza ere eskertu du. Dena den, nabarmendu du guztiekin duela harreman ona: "Maila handiko taldea dugu, eta giroa ere bikaina da. Horregatik, oso gustura nago".

Emaitzetan ere igartzen da Odriozolak aipatzen duen hori: hirugarren sailkatua da Nantes Frantziako ligan, eta Txapeldunen ligan egokitu zaien B multzoan ere hirugarren postuan dira Kataluniako Bartzelona eta Poloniako Kielce indartsuen atzetik.