Hitzarmena sinatu dute Ukraina-Euskadi elkarteak eta Zumaiena ikastetxeak

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 1a, 14:00
Ukraina-Euskadiko kideekin asteartean egindako ekitaldiko une bat. (Zumaiena ikastetxea)

Urtero bezala, Bakearen Nazioarteko Eguna ospatu dute Zumaiena ikastetxean. Testuinguru horretan, Ukraina-Euskadi elkartearekin sinatutako akordioaren berri ere eman du ikastetxeak.

Bakearen Nazioarteko Eguna ospatu dute aste hasieran Zumaiena ikastetxean. Astelehenean manifestazioa egin zuten herriko kaleetan zehar Zumaiena gerra guztien aurka lelopean. Atzo, berriz, Ukraina-Euskadi elkarteko kideak izan ziren eskolan herrialde horretan bizitzen ari diren egoeraren berri emateko. 

Valentyna Zaichenko Elkarteko kidea izan zen Zumaienan eta, harekin batera, gaur gaurkoz Zumaian bizi diren Ukrainiako familien ordezkari batzuk ere. Gerraren ondorioz bizitzen ari diren sufrimenduaren berri eman zuten ukrainarrek. Ikastetxeak, berriz, laguntza ematen jarraitzeko konpromisoa berrestu zien. 

Ukraina-Euskadi elkartearekin sinatutako akordioarekin "gizarte eraldaketaren aldeko" konpromisoari eusteko borondatea erakutsi du ikastetxeak.