Erretratua

Juan Jauregi Urbieta: Garbitu, saneatu, gorde

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 1a, 07:57
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Desinfekzio lanetan aritzen den Desin-lan enpresak hiru hamarkada beteko ditu datorren urtean. Intsektuak hiltzen eta enpresak eta lokalak desinfektatzen aritzen da Juan Jauregiren enpresa, baina gozamen handiena egurrezko teilatu, zoru eta altzari zaharrak saneatzen eta berritzen sentitzen duela dio. 

2022ko abenduko Baleike aldizkarian argitaratutako edukia.

Juan Jauregi Urbietak ia 30 urte daramatza desinfekzio munduan lanean. Ikasten ari zela, Juan gazteak ez zuen pentsatu ere egingo sektore horretan lan egingo zuenik etorkizunean. “Nik makina-erreminta ikasi nuen. Bost urtez egon nintzen hori ikasten Zarautzen eta Ayra Durexen [gaur egungo GKN Driveline Zumaia] lan batzuk ere egin nituen. 1990ean, Golkoko gerra zela eta, hogei langile kaleratu zituzten eta horien artean nengoen ni. Urtebetez egon nintzen langabezian. Denbora batez soldadura lanak egin nituen Itziarko Irusa galdarategian, baina desinfekzioaren inguruko ikastaro bat zegoela ikusi nuen, atera nuen eta gaur arte”, dio Jauregik. 

1967an jaio zen Juan Jauregi, Oikian. “Berez, Beduan jaio nintzen, baina Oikiara eramaten duen aldean; aitonak han zuen baserria. Beste aitona bat San Migelekoa zen; amona, berriz, errioaren beste aldekoa. Errioan elkartzen ziren biak. Orduan ez zegoen zubirik eta aitonak batel bat erabiltzen zuen errioaren beste aldera pasatzeko”. “Oikiarra naiz, baina neure burua zumaiartzat daukat; Zumaian bizi naiz, eta lanerako edo etxea erosteko orduan, beti Zumaiara jo izan dut”, gaineratu du.

Gaur egun Oikian dauka Desin-lan enpresak bere egoitza; sortu, baina, Zumaiako Paolaldean sortu zen. “1993an zabaldu nuen Baltasar Etxabe kaleko lokal batean. Urtebete egin nuen han. Itsasgorarekin ura komunetik sartzen zitzaidan, arazo hori nuen. Urtean bitan edo gertatu zitzaidan”. Hori ikusita, lekuz aldatu zen, eta Larretxo auzunera mugitu zen. “Han beste lauzpabost urte egin nituen, errentan. Oikiako lokal hau garbitzera etorri nintzen, ikusi nuen hutsik zegoela eta jabeari esan nion erosiko niola. Hitz egingo genuela erantzun zidan. Pentsatzen nuen ez zidala berriro kasurik egingo, baina halako batean deitu zidan. Solairuartekoak, pladurra jartzea… dena nik egin nuen. Udaleko aparejadorea etorri zen, paperak sinatu zizkidan, eta aurrera”.

Desinfekzio lanak egiten ditu Jauregik, hiru arlotan banatuta. “Batetik, pipiekin eta termitekin egiten dut lan; zoruen kasuan, berriz, leundu, tratamendua eman eta gero bernizatu egiten dut; azkenik, habe eta teilatuekin, pipiak jandako lekuetako azala kendu eta gero tratamendua ematen diot”. Altzari zaharrekin ere lan egiten duela dio Jauregik. “Tamainaren arabera ‘baineran’ sartzen ditut [fabrikako gela batean duen altzairuzko edukiontzia], edo, kabitzen ez badira, pistolarekin ematen diet tratamendua”. 

Enpresen desinfekzio lanak ere egiten dituela dio Jauregik. “Kasu batzuetan, aurrez prestatutako jakiak egiten dituzten enpresetara, esaterako, hilean behin joaten naiz. Buzoa jantzi eta dena desinfektatzen dut. Hurrengo egunean lanera itzultzeko prest izaten da lokal hori”. 

Intsektuak hiltzea izaten da hirugarren lan nagusia. “Labezamorroak hil, txindurriak, arratoiak… Lan horiek jatetxeetan edota etxe partikularretan egiten ditut. Kalean ez. Udal batzuetatik deitu izan didate, baina ezin dut lan hori egin. Horretarako hiru edo lau lagun behar dituzu, eta ni bakarrik nago”. Lan karga handia badu ere –elkarrizketa egiten ari garen denboran telefono dei dezente jaso ditu–, lanean bakarrik jarraitzen du. “Ni naiz buruzagia, baita langilea ere”, dio barrez. 

Arratoiak aipatzean normala da halako higuin sentsazioa izatea. “Jendeak galdetzen dit ea ez ote diedan nazkarik; pentsatzen dute arratoiez inguratuta egoten naizela, eta justu kontrakoa da: nik ez dut arratoirik ikusten. Horiek ilunpean ibiltzen dira, zaratarik ez dagoenean, baina ni egunez joaten naiz. Non dabiltzan jakiten dut eta han jartzen dut pozoia; horrek gauez egiten du efektua. Arratoi bat edo beste ikusiko nuen, baina seguru zuk gehiago ikusi dituzula kalean”, azaldu du. 

Lan desberdinak egin behar ditu, baina gustukoena egurrarekin lan egitea duela dio. “Etxeetako estruktura kontuekin lan egitea dut gustukoen”, dio Jauregik, egindako lan batzuen argazkien bila sakelakoan hasten den bitartean. Gogoan ditu egin dituen lan batzuk. “Zuloagatarren etxean egin nuen lan orain lauzpabost urte. Teilatua egin nien, altzariak ere desinfektatu nizkien, baita zorua leundu eta tratamendua eman ere. Zer ez zuten etxe hartan! Gustura geratu ziren egindako lanarekin, eta diploma bat ere oparitu zidaten”. 

Zarauzko Torre Luzean egindako lanarekin ere pozik ageri da. “Orain 8 edo 10 urte izango zen. Bilboko enpresa batetik deitu zidaten. Beheko solairuan banku bat ere bazegoen eta etxe osoan egin nuen lan. Bedua jatetxean ere egin nuen lan. Bertakoa izanda, gainera, berezia izan zen. 800 urteko baserri zaharrean lan egiteak barrenak mugitzen dizkizu”, esan digu Jauregik. 

Altzari zaharrekin lan egiten gozatzen duela ere onartu du. “Antigualeko altzari zaharrak lantzeak poza ematen dizu. Amonaren bat etorri izan zait familiako kutxa zahar batekin. ‘Hau nire amonaren amonaren amonarena zen’, esan zidan. Pipiak jandakoa desinfektatu bakarrik ez, berriztatu ere egiten ditut, lehengo pintura zaharrak kendu, argizaria eman. Andrea hain pozik zegoen emaitzarekin, horrek niri ere poztasuna eman zidan”. 

Oraindik landu gabeko, edota lanketa prozesuan dauden altzariak ikus daitezke Desin-lanek Oikian duen lokalean, beste mila erreminta, tramankulu edo tratamendurako poteen artean. Josteko makina baten altzari zaharra erakutsi digu. “Zati bat guztiz janda zegoen, eta berria egin nuen zaharraren formak mantenduta”. Tratamenduko baineratik pasatu ondoren, lehortze fasean zegoen jabearen eskuetara itzuli aurretik. 

Abenduan esku artean izango ditu San Jose Komentuak gordetzen zituen altzari eta bestelako objektu batzuk. “Bergarako arkitekto batzuek egin dute eraberritze proiektua, eta, kasualitatez, haietako baten etxean aritu nintzen lanean. Abenduan ekarriko dituzte altzariak eta bestelakoak hona. Pixkanaka ekarriko dituzte, zortzi edo hamar altzari txanda bakoitzean, denak ezingo ditut eta batera egin. Presa handirik ez dago, lanek bi urte iraungo dute eta”, esan du oikiarrak.

Zarautzen, Bergaran, Andoainen... Orendainen baserri oso bat tratatu behar du hamabost egunez… Zumaiako mugetatik kanpora egin du lan herriko enpresa honek. “Batzuetan deitu didate lan baterako eta harrituta geratu naiz: ‘Nondik deitu didazu? Non dago hori?’”. Desinfekzio lanetan aritzen den enpresa askorik ez dagoela dio oikiarrak, eta beste etxe batzuk lan egiteko beste era batzuk dituztela ere nabarmendu du. “Gipuzkoa osoan ibili naiz, baina Ondarroa ingurura ere joan izan naiz. Hango igeltseroek ezagutzen naute eta badakite nola egiten dudan lan. Bilbora ere joan izan naiz, arkitektoren batek deituta, baina arazoak izan ditut kobratzeko orduan, eta ez naiz gehiago joan; ‘ijito’ asko dago kontratisten artean”, damu da Desin-laneko burua.

Egin nahiko lukeen lanen bati baino gehiago, aldaketari ematen dio Juan Jauregik balioa. “Astebete edo gehiago egon zaitezke lan berean, eta agian enkargu bat jasoko duzu lokal bat edo jatetxe bat desinfektatzeko. Horrek aldaketa dakar, eta aldatzea ona da. Aspertzeko denborarik ez dut izaten; gauza batean ez nabilenean beste batean nabil”. 

  • Izena: Juan Jauregi Urbieta
  • Urteak: 55.
  • Ikasketak: Lanbide Heziketa makina-erremintan.
  • Lanbidea: Desin-lan enpresako burua eta desinfektatzailea.
  • Desinfekzio lanetan ibiliko ez banintz… musikaria, baina ez dakit instrumenturik jotzen. Hala ere, amestea libre da.
  • Lanean bukatu ondoren… lehenbizi, telefonoa itzaldu, eta gero buelta bat eman, paseatu, zerbeza bat hartu terraza batean… Hori saria da.