Errepresio frankista sufritu zuten herritarren informazioa bilduko du udalak

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 31a, 16:00
1937an kanporatutakoen omenezko oroigarria, Zuloaga plazan. (Juan Luis Romatet)

1945 eta 1959 urteen artean errepresio frankistaren biktima izan ziren herritarrak identifikatu nahi ditu udalak. Hala, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean pertsona hauen inguruko informazioa bilduko du. 

1936ko gerra eta haren ondorioak landu ditu aurretik Zumaiako Udalak Aranzadirekin elkalanean. 2019. urtean argitaratu zuen udalak Gerra Zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) izandako errepresioari eta giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa lana. Gerra garaian eta gerraostean herritarrek jasandako errepresioaren berri ematen zuen liburu hark.

1959. urtera arteko informazioa jaso nahi du udalak deialdi berri honetan. Orain ere Aranzadirekin elkarlanean, 1936 eta 1945. urte bitartean gerraren eta errepresioaren ondorioz izandako biktima guztiak sailkatuko dira, "Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen frankismoko garairako ezarriak dituzten giza eskubideen urraketa mailaren arabera", azaldu du udalak ohar baten bidez. Bestalde, 1945etik 1959ra bitartean errepresio frankistaren biktima izan ziren zumaiarrak identifikatzeko lanari ekingo diotela gaineratu du.

Ikerketa lan horiek egiteko, herritarren informazioa eta testigantzak beharko ditu udalak. Errepresioaren biktima izan ziren lagunek, edo haien inguruko informazio dutenek Aranzadiko memoria@aranzadi.eus helbide elektronikora idatzi dezakete, edo 943-46 61 41 telefono zenbakira deitu.