Inauteriak 2023

Otsailaren 8an jarriko dira salgai Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berrirako sarrerak

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 31a, 13:00

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna ekarriko dute Zumaiara otsailaren 20an, Inauterietako egitarauaren barruan. Bi saio izango dira eta sarrerak otsailaren 8an jarriko dira salgai.

Urteroko legez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna programatu du Udaleko Kultura Sailak Inautetietako egitarauaren barruan. Oraingoan, Urteak bete, abenturak bizi izeneko ikuskizunarekin etorriko dira Zumaiara. Otsailaren 20an izango dute haurrek zein helduek ikuskizunaz gozatzeko aukera. Ohi bezala, bi saio izango dira: 15:00etan lehena eta 17:30ean bigarrena, biak ere Zumaiena ikastetxeko aretoan.

Saioetarako sarrerak otsailaren 8an jarriko dituzte salgai. Aurrez aurreko salmentari lehentasuna emango diote. Hala, egun horretan, asteazkenean, 17:00etatik 19:00etara arte erosi ahal izango dira Alondegiko Oxford aretoan. Egun horretan bertan, hilaren 8an, Internet bidez jarriko dira salgai sarrerakzumaia.eus webgunean 20:00etatik aurrera. Geratzen diren sarrerak otsailaren 9tik aurrera egongo dira eskuragarri turismo bulegoan.

Sarreren prezioa 6 eurokoa izango da pertsonako sei sarrera erosi ahal izango dira gehienez. Urtebete baino gehiago duten haur guztiek sarrera erosi beharko dutela ere iragarri du Udaleko Kultura Sailak.