Jazarpena hizpide izango dute Oxford aretoan izango den hitzaldian

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 31a, 08:00
Alondegian izango da jazarpenaren inguruko hitzaldia, 18:00etatik aurrera.

12 eta 17 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako hitzaldia izango da. Jazarpena zer den azaltzea eta horren aurrean gurasoei erremintak ematea da solasaldiaren helburua.

Haur eta gaztetxoek jasan ditzaketen jazarpen edo bullying kasuen inguruko hitzaldia eskainiko du Izaskun Lopez de Torre trebatzaileak gaur, 18:00etatik aurrera, Oxford aretoan. Bullying-egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu du izena hitzaldiak, eta 12 eta 17 urte bitarteko gazteen gurasoei zuzenduta dago. Gurasoek erremintak izatea eta jazarpena zer den ondo definitzea dira gaurko hitzaldiaren helburuetako batzuk, hizlariaren arabera; baita jazarpen kasuren baten aurrean nola jokatu behar den gomendatzea ere.

Trebatzailearen esanetan, "argi eta garbi" jakin behar da zer den jazarpena. "Pertsona baten aurka behin eta berriro izaten den jokabidea da jazarpena. Ahultasun bat gertatzen da, pertsona ezin da defendatu, eta besteak eraso hori nahita egiten du. Normalean, jazartzaileak ez du bakarrik jokatzen eta beste aktore batzuk bilatzen ditu", azaldu du Lopez de Torrek. Intzidentzia handiena LH 5 eta 6 mailetan gertatzen dela azaldu du, baita DBH 1 eta 2 mailetan ere. Lehen baino kasu gehiago ote dauden galdetuta, horren inguruko datu kuantitatiborik ez dagoela dio, baina jakitun da larritasuna handitu egin dela. "Lehen halako kasuak gertatzen zirenean umeak etxera joaten ziren eta babestuta sentitzen ziren. Orain, sare sozialen bitartez intentsitate horrek 24 ordu iraun dezake. Bada, sare sozialek arazoa handitu egin dute", dio trebatzaileak.

Adin batetik aurrerako erasoak fisikoak izan beharrean sare sozialen bidez ematen direla ere azaldu du Lopez de Torrek. "Halako erasoak gertatzen badira, saiatu behar gara ez erantzuten eta jasotako guztia gordetzen". Jazarpena pairatzen ari den haurretan sintoma batzuk egon daitezkeela ere adierazi du –eskolara joan nahi ez izatea, lotarako arazoak, jateko orduan ohitura aldaketak...–, baina sintoma horiek beste gaitz batzuenak ere izan daitezkeela dio trebatzaileak. "Zaila izaten da jakitea. Gainera, umeei kostatu egiten zaie laguntza eskatzea".

Bullyinga jasaten ari diren seme-alaben gurasoei "arrazionalki" jokatzea gomendatzen die hizlariak. "Jazarpen kasua eskolak kudeatzen badu, konfiantza izan behar dute harekin eta eskaintzen dituen jarraibide guztiak aurrera eraman. Eskola da protokoloa ezartzen duena eta eskolak ezagutzen du zer erabaki hartu behar den. Kasu guztiak desberdinak dira, eta bi aldeek elkar lagundu behar dutela argi izan behar dute gurasoek". Egin behar ez dena da, Lopez de Torreren esanetan, erasotuaren familia erasotzailearen familiarekin harremanetan jartzea, "edo beste umea mehatxatzea". "Biktimak autoestimua oso kaltetuta izaten du, batzuetan errudun sentitzen dira. Horregatik, mimatzeaz eta indartzeaz gain, beste ingurune batzuk ezagutzeko aukera ematea gomendatzen da", gaineratu du.

Jazarpenaren inguruko protokoloa jarraitzen dute eskolek 2004tik, baina instituzioek prebentzioan inbertitu beharko luketela uste du hizlariak. "Adimen emozionala garatzeko proiektuak ere abiatu beharko lituzkete, haurrei zein gurasoei zuzendutakoak. E npatia, komunikazioa edota emozioen kudeaketa zuzena ikasteko: besteek sentitzen dutena identifikatzea eta norberaren emozioen kudeaketa. Horiek izango lirateke prebentziorako armarik nagusienak".

Prebentzioaren beharra

Prebentzioa aipatzen du hizlariak jazarpena gelditzeko gako nagusi bezala. "Jazarpena gertatzen bada, ikusleek oso rol garrantzitsua dute". Gurasoek duten paperak ere berebiziko garrantzia duela nabarmendu du. "Haurrei transmititu behar diete halako kasuren baten lekuko badira, ezin dutela bizkarra eman, nagusi bati esan behar dietela". Hala ere, "hagaxka magikorik" ez dagoela garbi utzi du, "kasu bakoitza desberdina da".