Eire Maia eta Eire Salegi: "11 urte genituenetik ari gara abestiak egiten"

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 28a, 14:00
Eire Salegi eta Eire Maia (Arnaitz Rubio Aprea)

Asteburu atarian plazaratu du Eire taldeak bere bigarren abestia, Amaitu baino lehen izenekoa, orain hilabete argitaratutako Bihar nolari jarraipena ematen diona. Arrazoi ezin hobea abenduko Baleike aldizkarian ateratako elkarrizketa berreskuratzeko.

Txiki-txikitatik ezagutzen dute elkar Eire Maiak (Zumaia, 2002) eta Eire Salegik (Zarautz, 2002). Eskolan batera ibili dira, baita Zumaiako Futbol Taldean ere; unibertsitatean, baina, bakoitzak bere bidea hartu zuen: Ikus Entzunezkoen Komunikazioa ari da ikasten Maia eta Telekomunikazio Ingeniaritza Salegi. Musika proiektu bat plazaratzeko bidean dira biak.

Bi Eire, biak herri berean, garai berean, eskolako gela berean, eskolatik kanpoko ekintzetan ere batera… Izena ez da hain ohikoa. Gipuzkoan zuena bezalako kasu gutxi izango da, bada.

Eire Salegi: Jakingo bazenu zenbat aldiz esan diguten hori! Ez da bakarrik eskolako gela berean ibili garela. Gelan batera egon ginen, Zumaiako Futbol Taldean ere batera ibili ginen; beti batera.

Eire Maia: Pertsonalki ere gauza asko partekatzen ditugu bion artean. 

Eire Salegi, zuretzat zer da Eire Maia?

E.S.: Dena konpartitzen dut berekin. Ni gaur egun naizena beragatik da parte handi batean. Nire pertsonalitatea garatzen lagundu dit, batera hazi garelako urte hauetan guztietan. Zerbait gertatzen bazait, berari esaten diot lehenbizi. 

Eta Eire Maia, Eire Salegi zuretzat zer da?

E.M.: Esango nuke nire bizitzako pilare handienetakoa dela. Beti nirekin egon da. Badakit hor egongo dela zerbait behar dudanean, astakeriak kontatzeko bada ere. Txiki-txikitatik hor egon den pertsona da, eta ez dut imajinatzen bizitza bera gabe. 

Unibertsitatean, behintzat, ez zarete bide beretik joan.

E.M.: Ez, ez, justu kontrakotik. Nik letren bidea hartu dut, berak zientzietakoa.

E.S.: Nire burua laukituagoa da, oso metodikoa, eta berea sorkuntzaren bidetik doa.

Musika jarduera ere partekatzen duzue. Euskaraldiko lehen ekitaldian jo zenuten elkarrekin, adibidez. 

E.S.: Gure harremanean oinarri garrantzitsua izan da musika. Ez da talde edo musika estilo bat gustukoa izatea bakarrik; musikaren erro guztiak partekatzen ditugu. Ez dakit nola egiten dugun, baina musika aldetik gustu bera dugu. DBH garaian talde batzuk deskubritu genituenean, biok deskubritu genituen batera. 

E.M.: Gure inguruan beste inork ez zituen entzuten talde horiek. 

E.S.: Pertsonalitate aldetik bagenuen antzekotasun hori. Txikitatik izan dugu musikaren inguruko harremana, eta ez musika entzutean bakarrik. Berak oso ondo abesten du, eta ni urte asko daramatzat gitarra jotzen. 

E.M.: Beti izan dugu behar hori elkartu eta gure orduak musikaren bueltan pasatzeko. Kapazak gara zortzi ordu elkarrekin egoteko kanta bat egiten aspertu gabe. 

E.S.: Nire sormen musikal hori berari esker garatu ahal izan dut. Nire musikaren oinarria bera da; badakit zerbait egiten badut berak jarraituko duela. 

Batak abestu egiten du, besteak gitarra jo. Ez al dituzue instrumentuak txandakatzen?

E.S.: Nik abestu?! Saiatu bai, baina… Berak ere jotzen du gitarra.

E.M.: Bai, baina nahiago dut berak gitarra jotzea. Seguridade handiagoa ematen dit. 

E.S.: Ekoizpen lanak ere gustatzen zaizkit. Sormen lanak eta alde teknikoak uztartzen ditut. Ordenagailua beste instrumentu bat bezala har dezakezu. Jakin behar duzu nola erabili, soinua prozesatzen jakin. Behin hori jakinda, esan daiteke ni alde teknikoaz arduratzen naizela, eta bera konposizioaz. 

E.M.: Letrak idazten ditut, kanta bat idazten dut, eta horri gitarra akorde batzuk gehitzen dizkiot. Gero, segituan berari pasatzen diot eta nahi duena egiteko esaten diot. 

E.S.: Galdetzen diot ea zer soinu okurritzen zaizkion, zer estilotako abestia pentsatzen duen, eta horren arabera egiten dut lana. 

Zenbat kanta sortu dituzue dagoeneko?

E.S.: Gure arazoa da ez ditugula kantak bukatzen! Hasi bai, hasten ditugu, baina… Berak letra eta melodia mordoa ditu; nik soinu desberdin asko, baina gero loop horretatik ez gara ateratzen. Oraintxe bukatu dugun kanta bat martxoan hasi genuen. Aurreko batean esan genuen espabilatu behar genuela, gure helburua ere bada eta musikan zerbait egitea.

E.M.: Txiki-txikitatik izan dugu gogo hori. 

E.S.: Abesti hori Bilbon hasi genuen pasa den martxoan, eta orain hilabete inguru bukatu dugu. Gero, beste kanta batzuk baditugu buruan. Uste dugu orain dela momentua gure musika plazaratzeko; ez badugu orain pausoa ematen, gerora ez dugu emango. 

Gazteak zarete, bada…

E.M.: 11 urte genituenetik ari gara abestiak egiten. Hainbeste denbora pasatu da, eta gure aspirazio handiena izan da elkarrekin zerbait serio egin eta produktu bat ateratzea. 

E.S.: Aparte, nork esan dezake gaur dugun grina hau hemendik lau urtera izango ote dugun? Nik uste orain dela momentua. Abesti bat eginda dugu, eta beste pare bat bukatzea da asmoa. Aterako ditugula seguru. Lagun batekin ere hitz egin dugu azala egiteko. 

Proiektuari izena jarri al diozue?

E.M.: Izena Eire da. Ez dugu asko prentsatu, baina bestela ere nahiko originala da. Orain arazoa dugu ez dakigula egindako kantari zer izen jarri. Euskaraldiko saio hartan jo genuen eta ez genekien nola aurkeztu ere. 

E.S.: Proiektuak zer soinu izango duen erabakita daukagu, eta gero kantaz kanta joango da aldatzen. Izena Eire, soinua ere erabakita dugu, gero estetika ere pixka bat pentsatuko dugu. Garrantzitsuena musika da eta hori dagoeneko pentsatuta daukagu.