Aita Mari auzategiko fatxaden inguruko ordenantza onartu du udaleko plenoak

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 27a, 17:00

Aita Mari auzategiko fatxadak berritu edo egokitzean homegeneotasun bat gordetzea du helburu ordenantza honek. Zumaiako Udala Egutera energia kooperatibako bazkide laguntzaile bihurtzea ere onartu zuten ostegunean egindako bilkuran, baita jazarpen sexualari buruzko protokoloa

Basadi auzategirako egindako bidea jarraituz, Aita Mari auzategiak ere bertako eraikinetako fatxadak berritzerakoan errespetatu beharreko neurriak biltzen dituen ordenantza bat izango du hemendik aurrera, ostegun arratsaldean egindako urtarrileko ohiko plenoak onartu ondoren.

Ordenantza honen bidez auzunearen izaera mantendu nahi dela azaldu zuen Iñaki Ostolaza alkateak. "Lehendabizi Basadin egin zen; eraikinaren fatxada egokitzeko erabakia hartzen dutenean denek ere itxura bera izatea bultzatu nahi zen neurri harekin, bakoitza bere aldetik ez joatea alegia. Aita Mari auzunea egin zutela 50 bat urte beteko dira, eta egoki ikusi dugu harako ere ordenantza bat prestatzea", esan zuen alkateak. 

Aita Mariko atari bateko jabekideek eraikinaren isolamendu termikoa hobetzeko fatxada egokitzeko eskaera egin zutela ikusita, udala proiektu haren arkitektoarekin harremanetan jarri zen eta auzune guztirako azterketa bat egitea eskatu zion, atzoko plenoan azaldu zenez. Behin azterketa eskutan, atari bakoitzeko ordezkariekin bildu zen udala. Fatxada egokitze guztiak "harmonizatuta" egin behar zirela esan zien. "Haiek ere ados egon ziren Aita Marik auzo izaera baduela".

Diseinatutako bi soluzio teknikoen artean bat aukeratu zuten. "Bilera bat ere egin genuen beraiekin eta zituzten zalantzak argitu genituen. Horren ondoren ordenantza bat prestatu genuen erantzun komun bat egoteko". 

Behin plenoa amaituta, kazetariekin hizketan, argibide gehiago eman zituen alkateak. "Laranja koloreko adreiluzko fatxadak dituzte etxe hauek. 1970eko hamarkada hasieran egin zituzten eta dagoeneko 50 urte badituzte. Bada, isolamendu termikoa hobetzeko fatxada aldatzea erabakiko dutenean, denek itxura bera izan beharko dute, hori ere laranja kolorekoa, auzoaren izaera mantentzeko. Hala, hemendik 10-15 urtera Aita Mariko etxe guztiek itxura bereko fatxadak izango dituzte", informatu zuen Ostolazak.

Proposamena EH Bilduren (8) aldeko botoekin onartu zen; EAJ (6) abstenitu egin zen. Oier Korta EAJko zinegotziak esan zuenez, adreiluzko fatxaden izaera mantentzea zen aukeretako bat; "interesgarria" egin zitzaiela gogoratu zuen, baina, aldi berean, egindako lanketa "behar bezalakoa" ez zela izan esan zuen, eta hala defendatu zuen bere taldearen abstentzioa.

Eguterako bazkide laguntzaile

Egutera energia kooperatibako bazkide laguntzaile bihurtzea ere onartu zuen osteguneko plenoak. Ostolazak esan zuenez, Eguterak IDAEren dirulantza deialdira aurkezteko asmoa du. Eskatzaileen puntuazioaren arabera ematen dira laguntza hauek, eta Zumaiako Udala kooperatibako bazkide laguntzaile izateak puntuazio hori handituko duelakoan da udala. Gaineratu zuen bazkide laguntzailearen figurak ez duela behartzen ekarpen ekonomikorik egitera. Horretaz gain, azaldu zuen bezperan, asteazkenean, Aizarnazabalgo Udalak ere Eguterako bazkide laguntzaile egiteko pausoa eman zuela. "Zumaiako Udalak %15eko presentzia izango du Eguteran, eta Aizarnazabalgoak %5ekoa". 

Proposamena aho batez onartu zuten EH Bilduko eta EAJko zinegotziek.

Jazarpen sexistak ekiditeko protoloa

Zumaiako Udalaren barruko jazarpen sexitak ekiditeko protokoloa ere onartu zuen urtarrileko ohiko plenoak. Maider Alberdi zinegotziak gogoratu zuen udalak pauso asko eman dituela Zumaiako indarkeria matxistarik gabeko herria bihurtzeko. "Esparru segurua izate hori udalak bermatu behar du". Jazarpen sexistaren edo indarkeriaren aurrean kasu horiek nola tratatuko diren landu nahi du protokolo honek, "udala ere espazio segurua izatea bermatzeko".

Protokoloa ere aho batez onartu zuten EH Bilduko eta EAJko zinegotziek.