Padeleko pistak egokitzeko lanak abiatu ditu Kirol Patronatuak

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 24a, 16:00
Egokitze lanak ari dira egiten kiroldegiko padel pistetan. (Juan Luis Romatet)

Lubaki kiroldegiko padel pistak araudira egokitzeko lanak abiatu ditu Zumaiako Kirol Patronatuak azken asteotan. Lan hauen helburua euri urak hobeto jasotzea da eta une batzuetan sortzen ziren potzuak ekiditea dela azaldu du patronatuak. Urte honetan bertan beste lan batzuk ere egingo direla ere iragarri du, estaldura hobetzeko. 

Abian dira kiroldeko padel pistak egokitzeko lanak. Bi padel pista ditu Lubaki kiroldegiak eraikinaren kanpoaldean, tenis pistaren alboan. Kanpoan egonda, euriak arazo bat baino gehiago sortu izan ditu urte hauetan guztietan. Hasiera batean, euri ura bi pisten arteko estolda zulo baten bidez jasotzen zen. Euria, baina, pista baten alboan dagoen eskailera batzuetatik ere sartzen zen, eta horren ondorioz pista hori urez betetzen zen zenbaitetan. Arazo hori konpontzeko asmoarekin, urak jasotzeko lanak egin dituzte kiroldegi bertako mantenimenduko langileek eta udal brigadak elkarlanean.

Pisten itxitura ere aldatuko dute. "Aurretik zuen itxitura ez zegoen araudiaren barruan, eta araudi hori errespetatzen duen itxitura bat jarriko dugu orain", azaldu du Antxon Alberdik, Kirol Patronatuko gerenteak. 

Beste lan batzuk ere egingo dira urtean zehar padeleko pistak hobetzeko. Hala iragarri du Alberdik: "Estalkia hobetzeko lanak egingo dira. Orain duenak ez du oso-osorik estaltzen,  euriarekin pista busti egiten da, eta orain erabat itxi nahi dugu. Azterketak egiten gabiltza gaur egun".

Kirol Patronatuko gerentearen arabera, gorantz doan kirola da padela, eta herritarrek bakarrik ez, beste herrietako jokalari batzuek ere erabiltzen dute. "Hemen inguruan Getarian eta Orion daude padel pistak, azken hori zabalik, estalkirik gabe. Gero, hubilenak Elgoibarren eta Donostian egongo dira. Padela gero eta jende gehiagok praktikatzen duen kirola da, eta orain pista egokia izango du herrian".