Berdintasuna herrian nola sustatu erabakitzeko bilerara deitu dute

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 20a, 13:00
Emakumeon* Etxean egindako topaketa bateko irudia.

Datorren asteazkenean, hilak 25, egingo dute Berdintasun Foroa. Saioa dinamikoa izango dela jakinarazi dute, eta herriko emakume guztiak daudela gonbidatuta bertan parte hartzera.

Berdintasun Foroa egingo dute datorren asteazkenean, hilak 25, aurten Zumaian berdintasuna nola sustatu erabakitzeko xedearekin. Bilera Emakumeon* Etxean izango da, 18:00etan.

"2023an zer egin nahi dugu, herrian, berdintasuna sustatzeko? Zer jaso dugu IV. Berdintasun Planean?". Horiexek izango dira bileran landuko dituzten puntuak.

Hala, udaleko Berditasun sailak herriko emakume guztiak gonbidatu ditu foroan parte hartzera: "Saioa dinamikoa izango da, eta animatu nahi ditugu herriko emakumeak parte hartzera. Ez da ezer berezirik behar parte hartzeko, bakarrik, gogoa: gogoa gauzak aldatzeko, eragiteko, entzuna sentitzeko... Emakumeok* badugulako zer esan".