"Kontatu zidan Jesusek elkar maitatzeaz zer esaten zuen, eta, bitartean, ukitzen hasi zitzaidan"

Ion Orzaiz/Berria 2023ko urt. 20a, 09:11
Duela berrogei urte, Zumaiako apaiz batek eraso egin ziola salatu du emakume batek Berria egunkarian. Haren arabera, "inpunitate osoz" aritu zen elizgizona, 2015ean hil zen arte.

Bilbon bizi da Maite —ez du hori benetako izena—, baina amaren herrian igaro zituen bere gaztaroko une asko: Zumaian (Gipuzkoa). Han, duela lau hamarkada, oso ezaguna zen Don Ramon apaiza. Ramon Maria Olaizola, Artadiko San Miguel elizako parrokoa. "Gure amaren lehengusu propioa zen. Familiaren lagun mina. Eta herrian ere... Olaizola abizena aipatzen baduzu, jendeak berehala ezagutuko du. Gure familiak eta bereak harreman estua zuten, eta, txikitatik, askotan ikusi izan dut gure etxean, Gure aititak semetzat zuen". Maitek Berriari aitortu dionez, baina, gertutasun hori baliatu zuen elizgizonak, sexu erasoak egiteko: "Inork ez zuen argi eta garbi esaten, baina, urteekin, konturatu nintzen beste batzuek ere bazekitela Ramonek zer egiten zuen". 2015. urtean hil zen Olaizola, 92 urterekin, eta gertatutakoa ezagutarazteko erabakia hartu du Maitek: "Berrogei urte eman ditut isilik, hala eskatu zidatelako, baina ez dut hil nahi gizon horrek zer egin zidan kontatu gabe".

1980ko hamarkadaren erdialdean, 25 urteren bueltan zen Maite. Udazkeneko ostiral batean trenez joan zen Bilbotik Zumaiara, seme-alaba txikiak bere bikotekidearekin utzita. "Zumaiatik Errezilera joan beharra nuen, hiru urtez hango baserri batean euskara ikasten ibili nintzelako". Egun hartan, baina, planak aldatu behar izan zituen: "Sekulako ekaitza bota zuen, eta uholdeak iragarriak zeuden". Denboralea zela eta, moztua zegoen Zumaia eta Azpeitia arteko ohiko bidea, eta Maitek laguntza eskatu zion Don Ramon apaizari. "Harekin konfiantza nuenez, galdetu nion ea bide alternatiborik ezagutzen ote zuen Errezileraino joateko. Erantzun zidan lasai egoteko, berak eramango ninduela. Orduan ez nuen ezer sumatu, ez nintzen konturatu berak jada plan bat zuela buruan".

Olaizolak proposatu zion bazkalostean abiatzeko. "Bazkaltzera ere gonbidatu ninduen. Ardoa atera zuen, eta edateko esaten zidan. Eta nik ezetz, ez nuela ardoa gustuko". Azkenerako, bazkaria amaitu, eta apaizaren autora igo ziren biak. "Nik ezagutzen ez nuen bide batetik eraman ninduen", gogoratu du Maitek. "Gaur egun ere, ezin nuke esan nondik pasatu ginen, niretzat ezezaguna baitzen paraje hura. Badakit zubi bat zeharkatu genuela, eta baso batera iritsi ginela. Kanpoan, euria, tximistak, trumoiak eta kazkabarra. Dena ilun".

Irakurri erreportajea osorik.