Alex Odriozola: "Lehiaketetan parte hartu baino nahiago dut surfean lasai ibili"

Alex Odriozola, Euskal Bodyabord Zirkuituko irabazlea. (Juan Luis Romatet)

2022ko Euskal Bodyboard Zirkuitua irabazi du Alex Odriozolak (Zumaia, 1994). Aurrez  ere irabazi izan du zirkuitua, eta kirolarekin gozatzen jarraitzeko asmoa agertu du.

Mundakan (Bizkaia) jokatu zen pasa den asteburuan 2022ko Euskal Bodyboard Zirkuituko azken proba. Esanguratsua izan zen open kategoriako podiumak eman zuen argazkia: lau zumaiar, laurak lagunak, podiumera igota. Poztu egiten da Alex Odriozola irudi hori gogoratzen diotenean.

Azken proba urtarrilean sartuta egin bada ere, 2022ko Euskal Bodyboard Zirkuitua da irabazi berri duzuna. Urtea hasteko modu ezin hobea, ezta?

2022ko zirkuitua da, bai. Abenduan jokatzekoa zen Mundakako proba atzeratu egin zuten olatu faltagatik. Orain bukatu dugu, baina berez, pasa den urtekoa da. Urtea hasteko modu oso ona da, bai. Gainera, Mundakan egotea bera saria da; han lehiatu izana handia da. 

Mundakan parte hartzea goraipatzen duzu. Zergatik? Zer da zuentzako Mundaka?

Zirkuituaren barruan aurretik hiru proba jokatu genituen. Lehenengoa Bakion (Bizkaia), bigarrena Zumaian, eta hirugarrena Ereagan (Bizkaia). Ereagako probara sailkapeneko lehen hamaseiak sailkatzen ziren, eta Mundakako laugarren probarako, lehen zortziak. Mundakan, egun normal batean, agian 200 pertsona daude surfean, hango olatua oso ona da eta. Txapelketan, berriz, ordu erdiz lau lagun bakarrik ibiltzea, beste hiru eta zu, hori gauza handia da. 

Denboraldia, osotasunean, nola baloratuko zenuke?

Bakioko proba udan izan zen, eta oso olatu txikiak zeuden; data jarrita zegoenez, ordea, egin beharra zegoen. Zumaian, Itzurunen, olatu hobeak izan ziren, baina zorte handirik ez nuen izan: lehenengo txanda pasatu nuen, baina bigarrengoan kalera joan nintzen. Ereagan ere ez zegoen itsaso handirik, baina hala tokatu zen. 

Bakioko eta Ereagako probak irabazi zenituen. Alex Uranga zumaiarrak, berriz, Zumaiakoa eta Mundakakoa. Bion artean izan al da bukaeran lehia?

Alex [Uranga] ez zen Bakioko proban egon, eta horrek aukerak kendu zizkion zirkuitua irabazteko. Mundakako probaren aurretik, oraindik ez nuen ziurtatuta zirkuitua irabaztea. Nire atzetik Ayoub [Adardour] marrokiarra zegoen, eta hirugarren Xabi Urrestilla. 400 puntuko aldea nuen, baina Mundakako probak puntuazio bikoitza ematen du: Ereagan irabazteak 1.000 puntu ematen dizkizu, baina Mundakak 2.000. Orduan, sailkapen orokorra iraultzea bazegoen oraindik ere. Xabi Urrestillak irabazi izan balu [hirugarren izan zen Mundakako proban], agian berak irabaziko zukeen zirkuitua.

Mundakako probako podiuma. Ezkerretik: Alex Odriozola, Alex Uranga, Xabi Urrestilla eta Jon Lopez. (Euskalsurf)

Mundakako probako podiumean lau zumaiar... 

...eta laurak lagunak; elkarrekin aritzen gara surfean. Andoni [Izaga, zumaiarra] kalera joan zen finalerdietan. Eta, gero, Debako lagun bat ere bazegoen, Ivan [Castelo]; galiziarra da, eta gurekin aritzen da surfean. Justu, gainera, oso egun ona izan zen, kristoren eguraldia zegoen, oso giro ona egon zen eta olatu politak. Dena ondo.

Bestalde, lagunak bagara ere, lehia izaten dugu. Uretan desberdina da. Gero, txapelketetan, lehentasunak egoten dira: olatua hartzen duzunean, gero besteen txanda izaten da; zuk tokatzen zaizuna hartzen duzu. Beste bati dagokion olatua hartuko bazenu, penalizazioa izango zenuke. 

Zer suposatzen du garaipen honek zuretzako?

Aurretik ere irabazita daukat zirkuitua. Hemengo txapelketak jokatuko ditut, baina hemendik kanpora lehiatzera joatea ez da nire burutik pasatzen. Kanpora joatekotan ez nintzateke txapelketa bat lehiatzera joango; surf egitera eta ondo pasatzera joango nintzateke. Presiorik gabe. Uda garaian Sintran (Portugalen) egiten den munduko txapelketara joanda agian ondo pasatuko nuke, baina ez da asko erakartzen nauen zerbait. Lehiaketetan aritu baino, nahiago dut beste nonbaitera joan eta surfean bakarrik edo lagunekin ibili lasai. Lehiaketetan badakizu zer dagoen: lehiatzera zoaz, hortara zoaz. 

Bodyboarda surfaren senide txikia bezala ikusten da. Zumaian ez da hala, ezta?

Zumaian indar handia du, eta esango nuke jende gehiago ibiltzen dela paipoan surfean baino. Gainera, gazte asko dator atzetik gogoarekin. Itzurungo olatua aproposagoa dela esango nuke bodyboarderako surferako baino. Esaterako, Zarauzko olatua luzeagoa da, eta indar gutxiago du; Itzurungoa txikiagoa da, eta indar handiago du. Olatu hori guretzako hobea da. 

Zerk erakarri zintuen bodyboardean aritzera?

Ura betidanik gustatu izan zait, ez bakarrik surfean; arrantzara ere joaten naiz. Udan beti uretan ibiltzen nintzen, txikitatik. Hasieran paipoarekin hasi nintzen, gero surf taularekin ere ibili nintzen, eta amaieran, paipoarekin berriro ere. Taularekin ez naiz gaizki aritu, eta urte batean edo bitan taularekin aritu izanaren oroitzapenak baditut, baina paipoa gehiago gustatzen zait.  

Hasi ginenean, gaur bezalako eguraldi txarrarekin eta olatu gutxirekin, zein joango ginen uretara? Xabi Urrestilla, ni eta batzuetan Unai Uranga ere bai. Arratsaldeetan joaten ginen, eta han ez zen inor egoten. Orain joaten bazara, lekurik ere ez duzu aurkituko. 

Kirol honekin hasi zirenak Manu Uranga eta izango ziren. Gero Jon Lopez eta Alex Uranga kanpora joaten hasi ziren. Gero gu hasi ginen, haien atzetik. Erreferente antzerakoak izan ziren, uretan geundenean ikusten genituen eta maniobra handi horiek egiten. Baina hori kirol denetan gertatzen da. Ikusten dituzu zeu baino zaharragoak direnak gauza zailagoak egiten, eta, jo, hori egin nahi duzu.

Kirol modalitate guztietan da zaila kiroletik bizitzea, zer esanik ez bodyboardetik, ezta?

Alexek [Uranga] saiakera bat egin zuen, urte batzuk egin zituen, baina bueltatu denean, lehen urtetik egin behar izan du lan. Bodyboardetik bizi nahi duenak eskola bat muntatu behar du bere izenarekin, edo erabiltzen duen izenarekin, eta gero, akaso, erabiltzen duen paipoen ordezkari bihurtu. Bestela, kiroletik bizitzea oso zaila ikusten dut. 

Zuk ez al duzu ideia hori izan?

Ez, ez, inoiz ez. Kanpora lehiatzera joatea bai, horrek inbidia ematen du. Baina errealitatea bestelakoa da. Kanpora joan eta ondo ateratzen bazaizu, primeran. Baina hori proba batekin; gero, proba gehiago daude. Txile dela, Hawaii dela, Reunion irla dela… Horrek aurrekontu handia eskatzen du, eta babesleek ez dute ezer ematen. Ondo aterata urte batzuk hortik bizi zaitezke, baina ez da erraza. 

Etorkizunean surfean ikusten al duzu zeure burua?

Bai, hori ez da pasatzen. Beste kirol batzuetan behartuta zaude entrenatzera-eta. Gu uretara joaten gara nahi dugulako; olatuak dauden bakoitzean, han gaude.