"Behar-beharrezkoa dute elikagaiekin laguntzea, oso egoera larria jasaten ari dira-eta"

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 19a, 12:39
Eskoletan abian da janari bilketa. (Zumaiako Herri Eskola)

Saharako errefuxiatuen aldeko janari bilketa ari da egiten egunotan Darahli elkartea. Bihar arte Zumaiako ikastetxeetan egingo da eta larunbatean herriko supermerkatu batzuetan. Darahliko koordinatzaile Samuel Ruizen hitzetan laguntza ezinbestekoa dute kanpalakuetan, egoera oso larrian daudelako. 

Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizi den saharar herriaren aldeko janari bilketa egingo du aurten ere Darahli elkarteak. Atzo hasi eta ostiralera bitartean herriko ikastetxeen bidez jasoko dira elikagaiak eta osasun produktuak; larunbatean, berriz, Eroski eta BM supermerkatuetan. Bildutako produktu hauek guztiak Sahako herriaren aldeko Euskal Karabanaren bidez bidaliko du Darahlik. 

Jasoko diren produktuak hauek izango dira: atun eta sardina latak, azukrea, lekaleak, pasata, dilistak, arroza, konpresak eta kadukatu gabeko sendagaiak. Elikagai hauek kanpalekuetara eramateak kostu ekonomiko handia duela-eta, aurten dirua ere jasoko dute. Diru horrekin elikagaiak Tinduf bertan erosi ahal izango dira. 

Darahliko koordinatzaile Samuel Ruizen esanetan, desertuan bizi diren sahararrek "behar beharrezkoa dute elikagaiekin laguntzea. Oso egoera larria jasaten ari dira, Europatik geroz eta laguntza gutxiago ari dira eta jasotzen". 

Abenduan kanpalekuetan

Egoeraren jakitun dira Darahliko kideak. Izan ere, pasa den abenduan kanpalekuetan izan ziren. "Gehienok urte batzuk egon gara joan gabe Covid izurriteak ate guztiak itxi zizkigulako. Horregatik gogoz abiatu ginen", gogoratu du Ruizek. Bidaiaren helburuetako bat urteroko proiektuen jarraipena eta gauzatzea izan zela dio koordinatzaileak. Batetik, Tinduf hirian erositako 40 ur deposito banatu zituzten, baina behar handia zuten 30 familiari 100 euroko dirulaguntza eta hemengo familien gutun bana eman ere.

Bi proiektu hauek gauzatuta, kanpamenduetan bidaiatzeko aukera izan zuten. "Urola bailaran egondako zazpi neska-mutil sahararrak bilatu, hemengo familiak emandako opariak banatu eta beraiek eta haien familiak zer moduz zeuden ikustea izan zen asmoa. Benetan polita da neska-mutilak ikustea bere errealitatean eta han pozik!". 

Aurtengo apirilean Zumaiako gazteekin egingo duten bidaia ere planifikatu zuten kanpalekuetan egindako egonaldian. "Hala ere, zatirik politena, eta guretzako aberasgarriena, bertako familiekin egotea izan zen; tea hartuz haiekin bizipenak partekatzea, beraiek bizi duten egoeraren berri jabetzea izan ziren une hunkigarrienak", dio Ruizek.