Estalapea konpontzeko lanak hasi dituzte

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 18a, 13:30
Estalapea hesien bidez inguratu dute lanak hasteko. (Zumaiako Udala)

Kofradiako Estalapea konpontzeko lanak gaur hasi dituzte. Lehenbizi egitura botako dute, eta gero haren erreplika egingo duela iragarri du udalak ohar bidez.

Kofradiako Estalapea egurrezko hesi baten bidez itxita egon da pasa den udaberritik. Justu San Telmo jaiak ospatu behar zirenean egiturako zutabeetako bat kaltetuta zegoela ohartu ziren, eta jendea azpitik pasatu ez zedin habetu zuen udalak. 

Terrazaren egoeraren azterketa egin zuten udal teknikariek pasa den udan, eta egitura kaltetuta zegoela ohartuta, Estalapea eraitsi eta berreraikitzea erabaki zuten. Behin oinarrizko proiektua eta exekuzio proiektua eskatu ondoren, Estalapea berriro egiteko lanak abiatu dituzte.

Lanak Lurkide Hondalana enpresak egingo ditu. Udalak azaldu duenez, gaur egungo Estalapea erreproduzituko dute "eraikinak herritarrentzat duen balioa ikusita". Lanek 77.680 euroko aurrekontua izango dute, eta aurreikuspenak betetzen badira, 2023ko santelmoetarako amaituta egongo dira.