Alberga elkartea sortu du herritar talde batek

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 18a, 11:16
Alberga elkarte sortu berriko kideak. (Alberga)

ZKOOP egitasmotik sortu da taldea, "Zumaian ekonomia sozial eraldatzailea sustatzea eta ideia proiektuak garatzea helburu hartuta". Taldearen helburuak azaldu dituzte, eta datozen hilabeteetan hainbat jarduera egingo dituztela jakinarazi dute.

Ekonomia soziala landuko duen talde berria sortu da Zumaian: Alberga. Udalak iaz abiatutako ZKOOP egitasmoan du jatorria, taldeko kideek ohar bidez jakinarazi dutenez. Datozen hilabeteetan hainbat jarduera egiteko asmoa dute, baina oraingoz taldearen helburuak jakinarazi dituzte.

Helburu nagusiari dagokionez, ekonomia pertsonen zerbitzura egotea nahi lukete: "Zumaian lana egiteko beste modu bat sustatu nahi dugu, non norbanakoen interesek kolektiboaren interesekin bat egiten duten eta ekonomia pertsonen zerbitzura dagoen".

Idatzian, puntuz puntu zehaztu dituzte zein diren helburuak, baita horiek lortzeko zer motatako jarduerak egingo dituzten ere, nahiz eta horiek oso orokorrak diren oraingoz.

Helburuak

• Zumaiako eta zumaiarren beharrak identifikatu, eta horiek asetzeko tresnak pentsatu eta garatzen hasi.

• Ekonomia sozial eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatu.

• Proiektu sozial horien aterpe izango diren espazio fisikoak sortu.

• Lanaren burujabetza ahalbideratuko duten bideak jorratu.

• Ekintzaileen eta proiektu sozialen arteko saretzea, elkarlana, elkarlaguntza eta interkooperazioa sustatu eta garatu.

• Udalean eta gobernantza ereduan ekonomia sozial eradaltzailearen ikuspegia txertatu.

Jarduerak

• Ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak garatu ahal izateko espazioak sortu.

• Gizarte erronken inguruko gizarte hausnarketak eta hausnarketa guneak eratu.

• Ekonomia sozial eraldatzailearen sozializazio, hedapen eta komunikazioan lan egin: hitzaldiak antolatu eta eskaini, azoka eta erakusketetan parte hartu, ekonomia sozial eraldatzaileari buruzko dokumentazioa eta informazioa landu eta zabaldu.

• Interkooperazioa indartzeko ekimenak bultzatzeko eskualdeko zein eskualdez gaindiko erakundeetan parte hartu.

• Proiektu sozioekonomiko berriak sortzen lagundu eta ekintzaile zein eragileei formazioa eskaini.

• Ekonomia sozial eraldatzailea oinarri duten jarduera ekonomikoen bideragarritasuna aztertu, eragileekin landu eta proiektuak martxan jartzeko lan operatiboa antolatu eta gauzatu.

• Zumaian bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko proiektuak proposatu eta horietan parte hartu, bereziki pertsona horien zerbitzuak eskuratzeari dagokionez.

Izenaren zergatia

Talde berriak azaldu du Alberga izena zergatik aukeratu duten ere. Antza, Xabier Azkue herritarrak Baleike aldizkarian idatzitako artikulu bat da arrazoia.

Hark idatzitako artikuluaren sarrerak hauxe dio: "Batez ere arropa garbitzeko garai batean zeuden gune bereziei esaten zaie Zumaian alberga; emakumeen topaleku eta hartu-emanerako toki garrantzitsuak izan ziren. Arabieratik datorren hitza da, eta ur biltegi edo putzu berezi batzuei deitu izan zaie gaztelaniaz ere alberca".

Taldearen arabera, hitz horrek baditu elkarteak barne bildu nahi dituen hainbat adiera: "Alberga hitza aukeratzeak badu zergatia, herrian jada erabiltzen ez den hitza berreskuratzeaz gain (espazio horien galeragatik, besteak beste), baduelako hitzak elkarteak barne bildu nahi dituen beste hainbat adiera ere: elkartzeko lekuak izan dira albergak, elkarrekin ikastekoak, elkar babestekoak. Gaur egunera ekarriz, balioan jarri nahi izan dugu eta aitortza eman nahi diegu urte luzez emakumeek albergetan egin dituzten lan erreproduktiboei eta auzolanari emandako garrantziari. Balio handiko espazioak izan ziren albergak, eta guk ere halako eremuak eta sareak sortu nahi ditugu abiatuko ditugun ekintzen bidez".