Berrogei, beste askoren artean

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 15a, 15:00
Ezkerretik, Gonzalo Torre, Oliver Perez eta Imanol Manterola. (Juan Luis Romatet)

Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu argazki erakusketa ikus daiteke egunotan Alondegiko Oxford aretoan. Euskal Kostaldeko Geoparkean ikus daitezkeen hegaztien argazkiek osatzen dute bilduma. Imanol Manterola eta Oliver Perez zumaiarrak dira irudien egileak.

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten herrietan ikus daitezkeen hegaztien inguruko argazki erakusketa zabaldu zuten pasa den ostegunean Alondegiko Oxford aretoan. Imanol Manterola eta Oliver Perez argazkilari zumaiarrek ateratako berrogei hegaztiren irudiekin osatu dute bilduma. Berrogei aukeratu dituzte, baina beste hainbeste ere izan zitezkeela azaldu zuten.

"Hau urtetako lana da", zioen Oliver Perez argazkilariak. "Toki batetik bestera ibiltzen gara txorien bila eta haien argazkiak ateratzen. Azken finean, gure zaletasuna da hau". "Atzetik lan asko dago, behaketa asko, denbora asko", gaineratu zuen Imanol Manterolak. "Hegaztien ohiturak ikusi eta ikasi behar dira, garaiak ere bai. Ez da nonbaitera joan eta hegaztiak han daudela; denbora asko behar du honek, bereziki mota honetako argazkiak ateratzeko. Zuhaitz batean dagoen txori baten argazkia atera dezakezu, baina guk beste zerbait nahi dugu. Konposizioak ere lantzen ditugu, eta, beraz, ateratzeko ez dira hain errazak". Mota honetako argazkiak ateratzeko "pazientzia" behar dela ere azpimarratu zuen Manterolak.

Denbora epe desberdinetan ateratako argazkiak direla ere azaldu zuten argazkilariek. "Argazki batzuk orain bi urte ateratakoak izango dira, beste batzuk orain hiru urte... garai desberdineko argazkiak dira", informatu zuen Manterolak. Leku zehatzetara ere joan izan dira hegazti mota konkretuen bila. "Gaur egun behatoki berezi batzuk prestatu dituzte hegaztiak ikusi ahal izateko, eta nahi izanez gero hara joan zaitezke argazkiak ateratzera", azaldu zuen Perezek. 

Argazki hauek ateratzea arrantza egitearekin parekatu zuen Manterolak. "Batzutan 30 arrain hartuko dituzu, eta beste batzutan hogei aldiz joan arrantzatzera eta bat bera ere harrapatu ez. Hegaztien argazkilaritzarekin antzera gertatzen da. Hegaztiak beraien eremuan daude eta gu haiek ez molestatzen saiatzen gara. Errespetu guztiarekin sartzen gara haien eremura".

"Hemen zer dagoen erakusteko asmoarekin antolatu dugu erakusketa hau", zioen Gonzalo Torrek, Euskal Kostaldeko Geoparkeko ingurumen teknikariak. "Mendira bazoaz, paseatzera bazoaz, zer ikus dezakezun erakutsi nahi dugu bilduma honekin". Argazkilariak aspalditik ezagutzen zituela esan zuen Torrek. "Azken urteotan pista pixka bat galduta banuen ere, beraien lanak ikusten nituen sare sozialetan. Ikusten nuen hegazti arruntak zirela, hemen inguruan ikus daitezkeenak, batzuk besteak baino errazago. Erakusketa bat egitea proposatu genien, eta berehala esan zuten baietz. Gero, urtebete pasatu da prestatze lanetan, eta dagoeneko Mutrikun egon gara, orain Zumaian, eta gero beste hiru lekutara eramatea ere lotuta dago: Legazpira, Soraluzera eta Zizurkilera". 

Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu urtarrilaren 29ra arte ikusi ahal izango da Oxford aretoan, egunero 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eguerditan ere bai, 12:30etik 14:00etara.