Zumaiako realzaleak gozaraztea lortu du Zuhaitz Gurrutxagak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 14a, 10:30

Umoregileak futbol jokalari profesional gisa bizitakoak kontatu ditu partida batek iraun ohi dituen 90 minutuko bakarrizketan. Maisutasunez josi du saioa eta norberaren buruaz barre egiten jakitea zein osasungarria den erakutsi du.

Handia zen Zuhaitz Gurrutxagaren FutbolisTOK bakarrizketak zumaiarren artean piztutako ikusmina. Horren adierazle da astelehenetik zeudela agortuta sarrera guztiak Algorri Zumaiako realzaleen taldeak antolatutako saioa ikusteko. Bada, egun umoregilea den futbolari ohiak ez du hutsik egin eta Aita Mari antzokia leherrarazi du.

Hain justu, lehen mailako futbolari profesional modura Realean egin zituen hiru denboraldietako kontuak azaldu dizkie bertaratuei, eta berak txantxetan esango zukeen bezala, artean baino txalo gehiago jaso ditu. Hori gutxi balitz bezala, saioaren iraupenak berak ere lotura zuzena du futbolarekin: arauzko 90 minutuak eta luzapena. Penaltiak aipatu, bai, baina jaurti beharrik gabe Gurrutxagaren lasaitasunerako.

Halaber, nabarmendu beharra dago elgoibartarrak eskainitakoa ez dela umore saio soila izan; izan ere, buru osasunaz hausnartzera ere eraman ditu ikusleak haren traumak, depresioa eta Asaldura Obsesibo-Konpultsiboa oholtzara ekarrita. Umoretik egin du, baina gaiari garrantzirik kendu gabe, aldi berean.