"Kalean egonda lortu dugu pentsioak politikarien mahai gainean egotea"

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 13a, 14:00
Jabier Lazkano eta Bittor Bengoa (Juan Luis Romatet)

Pentsiodunen protestak hasi zirela bost urte beteko dira igandean. Ezinegoraren arrazoiez eta izandako lorpenez aritu dira Jabier Lazkano eta Bittor Bengoa Zumaiako pentsiodunen taldeko kideak.

Duela bost urte atera ziren lehenen aldiz kalera pentsiodunak Espainiar estatuan pentsio publiko duinak eskatzera. Zumaian ere hala izan zen. Bost urte daramatzate astelehenero biltzen; lehenbizi Foruen plazan, eta geroago Saregileen plazan. Mugimenduaren garrantziaz eta izandako lorpenezen aritu dira Bittor Bengoa (Aretxabaleta, 1954) eta Jabier Lazkano (Zumaia, 1959).

Nola eta zergatik hasi zen hau guztia?

Jabier Lazkano: Lehen elkarretaratzean lau emakume bildu ziren; bigarren elkarretaratzera 11 lagun joan ziren eta gero sartu ginen gu. Bittor eta biok Kalea guztiona da mugimendutik ezagutzen ginen. Hirugarren astelehenean sartu ginen, eta han jende kopurua handitzen hasi zen. 40 lagun, 50… 220 lagun ere bildu ginen behin. Pankarta bat ere egin genuen eskakizunak hobeto ezagutarazteko. Hasieran udaletxe aurrean biltzen ginen, baina denborarekin behera joatea erabaki genuen, Oxford aurrera [Saregileen plazara]. Eta hor jarraitzen dugu.

Bittor Bengoa: Gai honek eztanda egin zuen %0,25eko igoera proposatu zutenean. Alderdi Popularra zegoen orduan Espainiako gobernuan. Adar jotze bat bezala hartu genuen. Hasieran jende asko biltzen zen, gutxiago geroago, baina hau luzera doan borroka da, diesel motorreko karrera baten moduan. Jende batek utzi egiten du, eta uler dezaket zergatik. Gogorra da hau; pentsioduna izanda bost urtez kalean egotea ez da gauza makala, eta jende batek ez du atzematen lortu duguna. Eta ez da bakarrik astelehenero hor biltzea. Beste herriekin eta lurraldetako lagunekin kontaktuan gaude, eta Gasteizera joan gara, Madrilera hirutan, Bruselara ere bai behin. Lehen lantegietan langileen eskubideak defendatzen aritu garenak, orain pentsiodunen eskubideen alde borrokan daude.

Lorpenak aipatu dituzue. Zein izan dira lorpen horiek?

J.L.: Jendeak uste du denbora pasatzen egoten garela. Baina alde positiboa ere ikusi behar da, eta borrokari esker zerbait lortu dugu, eskatzen genuenarekin alderatuta gutxienekoa bada ere. Jasangarritasun faktorea geldiaraztea lortu dugu. Kalkulu matematiko bidez, zure bizi-itxaropena kalkulatzen zuen faktore honek, eta horrekin jaso behar zenuen pentsioa gutxitzen zizun. Horren berri ez zekien jendeak, eta 2023ra arte geldiaraztea lortu genuen. Emakumeen kasuan, haiek dira-eta okerren tratatzen dituztenak, gure eskaera izan da alarguntze pentsioa %100ekoa izatea. Emaztea hiltzean senarrak %100eko pentsioa jasotzen zuen; senarra hiltzean, aldiz, %52ko pentsioa jasotzen zuen emazteak. Ekintza hauei esker, alargunek %60 kobratzen dute. Eskatu dugu, halaber, dagoeneko 40 urte kotizatuta izan eta aurretik erretiratzea erabakitzen dutenak ez zigortzea.

Protestak hasi eta lehen urtean pentsioak %1,6 igotzea lortu genuen, bigarrenean beste %1,6, hirugarrenean %0,9 eta aurten, eskuinaren eta ultraeskuinaren babesarekin, KPIa igotzea lortu dugu; %8,5eko igoera izango da aurten. Hori pentsio kontributiboetan; kontributiboak ez direnetan, hau da, txikienetan, igoera %15ekoa izango da. Jendeak jakin behar du kalean egongo ez bagina, hau ez zela lortuko. Historian zehar izandako lorpen guztiak borrokaren bidez izan dira. Batzuek esango dute lorpen txikiak direla. Beno, goazen bada pixkanaka.

Pentsioekin hasi zineten, baina zuen aldarrikapenak gero eta zabalagoak dira.

B.B.: Gizarte osoari eragiten dien aldarrikapenak dira. Osasungintza hor dugu; ikusten ari gara zer nolako murrizketa ari den jasaten. Adinagatik, hor egotea tokatzen zaigu, baina denoi eragiten digu. Horregatik, osasungintza publikoa defendatzen ari gara. Adinagatik ere eragina du gugan zaintzak. Ahoztar Zelaietak zaharren egoitzei buruz idatzitako liburuan [Residencias SA. El negocio de los cuidados en Euskal Herria, 2021] gogoratzen du lehen egoitza hauek guztiak publikoak zirela, baina orain pribatuak dira, edo publikoak izanda enpresen esku utzi dutela haien gestioa; egoitza publiko oso gutxi geratzen dira. Lotsagarria da negozioa egiten aritzea zaintzarekin. Punta-puntan dugun beste gaia genero arrakala da. Emakumeek askoz gutxiago kobratzen dute eta asko ia miserian bizi dira. Jende asko dago izorratuta, eta ikusten dugu borrokarekin jarraitu behar dugula.

Pentsioen gaia beti dago eztabaida politikoaren erdian. Zergatik uste duzue dela hori?

J.L.: Bankuak eta aseguru enpresak jendearengan beldurra sortarazten saiatzen dira. Dirurik ez dagoela diote, eta aseguru pribatuak egitera bultzatzen dute jendea. Dirua badago, kotizatzen dugun kopurutik ateratzen da, eta hor dirurik ez balego, Estatuko Aurrekontuen bidez ordaindu beharko lirateke pentsioak, hezkuntza, osasungintza edo armada madarikatu hori oraintzen den bezala. Baina ez, beldurra sustatu nahi dute jendeak pentsio pribatuak ireki ditzan, nahiz eta pentsio mota hauek gainbeheran dauden.

Pentsio publikoak arriskuan al daude?

B.B.: Ez, ez dugu ikusten. Gertatuko balitz, gainera, arazo handi bat izango litzateke gizartean. Egia da, baina, pentsio publikoen planetan ari direla pixkanaka falkak sartzen pribatizatu ahal izateko. Ez badugu kalean aldarrikatzen pentsioek publikoak eta denontzako justuak izan behar dutela, lehen egin zutena egingo dute: %0,25 igo urte batean eta hurrengoan batere ez. Kalean egonda lortu dugu gai hau politikarien mahai gainean egotea. Lehen ezkutuan zegoen, orain mahai gainean dago, eta politikari guztiek dakite hemen gaudela.

Ospakizunez blaitutako elkarretaratzea

Datorren astelehenekoa ez da ohiko elkarretaratzea izango Zumaian. Pentsiodunen kontzentrazioak hasi zituztela bost urte betetzen direla eta, festa giroan egingo dute bilkura Saregileen plazan. Eguerdiko 12:00etan izango da, eta amaieran txistor pintxoak eta sagardoa banatuko da.